Leioaren kontra jokatuko du Hernanik Zubipen, gaur arratsaldean, Elorrioko arantza atera nahian

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 20a, 00:00
Zubipeko azkeneko partiduan lortu zuen denboraldiko estreinako garaipena Hernanik, Aurrera de Vitoriaren kontra.

Garaipena lortu nahi dute Euskal Ligako berdeek, 16:30etan hasita, aurreko asteburuan porrota gogorra jaso ondoren. Ohorezko Erregional Mailako mutilek, berriz, aspaldiko partez jokatuko dute bihar, 16:30etan Lesakan.

Zubipera bueltatuko da Hernani gaur, Euskal Ligan, denboraldiko 11garren partidua jokatzeko. Aurrean izango du Leioako Emakumeak taldea, arratsaldeko 16:30etan hasita; eta garaipena nahi dute berdeek, joan den asteburuko arantza ateratzeko: porrota gogorra jaso zuten Elorrion (3-0), kontrario zuzen baten zelaian.

Kontrario zuzen horietakoa da Leioa ere, goiko postuetan sailkatzeko lehian. Laugarren dago talde bizkaitarra, eta zazpigarren Hernani; baina sei punturen aldea besterik ez dago bien artean, eta gaur irabaziz gero, oso gertu izango lituzkete, Euskal Ligako azkeneko hiru partiduei begira. Izan ere, partidu bat gutxiago daukate jokatuta hernaniarrek, kontrario guztiek baino, Elorriok izan ezik: bi gehiago jokatu dituzte haiek.

Duela bi aste lortu zuen denboraldiko aurreneko garaipena Hernanik, Zubipen, Aurrera de Vitoriaren; eta bide horri heldu nahi dio berriro, gaurkoan.

Ohorezko Erregionalak lehiara bueltan bihar, lau hilabeteren ondoren
Asteburuko nobedadea, ordea, Ohorezko Erregional Mailakoen partidua izango da. Lau hilabetez geldirik egon ondoren, bihar jokatuko dute: Lesakan ariko dira, arratsaldeko 16:30etan hasita, Beti Gazteren kontra.

Ligako bigarren jardunaldia izango dute hori. Urriaren 18an hasi zuten denboraldia berdeek, Zubipen, Añorgari 1-0 irabazita. Baina ordutik, pandemia tarteko, etenda egon da Ohorezko Erregional Maila, eta azkeneko asteotan erabaki du Gipuzkoako Federazioak, berriro hastea. Hori horrela, itzuli bakarra jokatzea aurreikusi dute, bederatzi partidu guztira, gaurtik apirilaren 25era bitartean.

Hernanik bezala, ligako estreinakoa irabazi zuen Beti Gaztek ere. Baina partidu haiek oso urruti daude dagoeneko, eta erabat aldatu da egoera. Hain etenaldi luzearen ondoren, ikusteko dago zein mailatan itzuliko den talde bakoitza lehiara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!