Udala

Lehen sektorea biziberritzeko plan bat lantzen ari da, Hernaniko Udala

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 19a, 00:00

Atzo, Gabriel Zelaian bildu ziren Udala eta herriko hainbat nekazari eta abeltzain.

Atzo Hernaniko Udala, herriko nekazari eta abeltzainekin bildu zen, lehen sektorea biziberritzeko plana lantzeko asmoarekin. Plan honekin lortu nahi da «bertako produktuen ekoizpena, salmenta eta kontsumoa sustatzea».

Atzo eguerdian bildu zen Udala, herriko hainbat nekazari eta abeltzainekin, eskuartean duten proiektuaren nondik norakoak zehazteko, eta elkarbanatzeko. Elikadura burujabetzari buruz jardun zuten, honakoa azalduz: «herritarrak eta komunitateak duen gaitasuna, janaria eta honen ekoizpena kontrolatzeko dela esango genuke elikadura burujabetza». 

Plan honen helburua nagusia da bertako produktuen ekoizpena, salmenta eta kontsumoa sustatzea. Hau lortzeko, agente ezberdinek egin behar dute lan, alde batetik, Hernaniko Udala dago, bestetik ekoizleak egongo dira, eta «hau guztia herritarren mesederako pentsatuta». Udalak ahalik eta lursail gehien ari da eskuratzen, eta erosten, «gehienbat nekazal ekoizpenera begiratuz».

Aurreikusi dute, Hernanin kilometro zero denda bat irekitzea, «hori proiektu honetako asmo bat da,  eta Udalak esleitzen dituen jantoki guztietan eta ikastetxeetan, kilometro zero jatorria izango dute» azaldu du Udalak.

Bestalde, ekoizleek elkarte bat osatu beharko dute, «orain arte bakoitzak bere aldetik egin du lan, baina proiektu honekin denak batu nahi dira, aipatutako kilometro zero herritarrei eskaintzeko. Honela planifikazio estrategiko bat egingo da denen artean».

Atzo Gabriel Zelaian egin zuten bileran, tokiko produktuaren marka propioari garrantzia eman zitzaion, «uste dugu beharrezkoa dela».

«Herritarrak elikadura kontsumoan»

Udalak eta herriko nekazari zein abeltzainek esku artean duten proiektu honekin, lortu nahi da herritarrak bertako produktuak ekoiztea, eta Udalak gaineratu du «elikadura burujabetza sustatu nahi duela».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!