Aparkaleku faltari aurre egiteko lantaldea sortu nahi du PSE-EEk

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 17a, 00:00

Karabeleko aparkalekuetan eragina dute geltokiko lanek.

«RENFEko geltoki berriko lanekin 40 aparkaleku galduko dira Karabelen» dio alderdi sozialistak.

Udal talde sozialistak Karabelen aparkaleku faltari aurre egiteko lantalde bat sortzea eskatu du. Bertan «auzo horretako bizilagunen elkarteak eta Udaleko talde politikoek parte hartu beharko lukete, udal teknikarien laguntzarekin» diote.


Alderdi sozialistaren hitzetan, «aski ezaguna da Hernanik pairatzen duen aparkaleku-arazoa, baina une honetan Karabel auzoaren egoera larriagotu egiten da udalerri osoari zerbitzua emango dion tren geltoki  berriaren obrak hasi direlako eta aparkaleku ugari kenduko direlako». 


«Hernanin aparkatzea buruhauste haundia da, baina Karabelen lanek auzokideen egoera larriagotu egingo digu, urtebete pasatxoan beste 40 aparkaleku galduko baitira», azaldu du Jesus Mari Lopez PSE-EEko zinegotziak.


Halaber, tren geltokiko obrekin «erabateko kolapsoa» izatera iritsi direla azaldu du. «Lehen aparkatzea zaila bazen, orain ezinezkoa izango da», onartu du. Bere ustez, «aparkalekuak kendu izana arinago konpentsatu behar zen, eta arazoari irtenbide iraunkor bat eman, eta ez partxe bat bakarrik, Akarregiko eta Landare-Zubipeko aparkalekuak, esaterako».


Bestalde, Ricardo Crespo bozeramaile sozialistak Karabel aparkaleku haundi bat bihurtu dela onartu du. «Alde batetik, Karabeleko kaleak erabiltzen dituzten treneko erabiltzaileentzat. Eta bestetik, txotx garaian eta futbol eta errugbi partiduetan ere bisitari gehienek bertan uzten baitituzte autoak». 


Gainera, gogorarazi du San Joanetan disuasio-aparkalekua barrakak jartzeko erabiltzen dela, eta, orain geltoki berriaren obrekin lursailak galduko direla, eta, beraz, aparkaleku kopurua murriztu egingo dela auzoan beste behin. «Azken berrurbanizazioarekin ere aparkalekuak galdu zirela aipatu gabe».


Azkenik, bozeramaile sozialistak ohartarazi du, «litekeena da geroko geltokiak erabiltzaile gehiago erakartzea, eta, beraz, arazo horri behingoz heldu behar zaio, auzo honentzat erabat lehentasunezkoak diren beharrei erantzuteko, hau da, aparkatzeko behar adina plaza izateko». 


Horregatik, Hernaniko Udaleko sozialistek lantalde hori sortzea eskatu dute, «kezkak partekatzeko, baina, batez ere, guztien artean irtenbideak bilatzeko, auzo zigortu honetako bizilagunei entzunez».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!