Gipuzkoako lau t'erdiko txapelketa berriz ere martxan jarri da

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 17a, 00:00

Bigarren etenaldia eta gero Oier Alegria kadete eta Xabier Apaolaza jubenil hernaniarrek garaipenaren bidetik jarraitu dute.

Berriro ekin diete partiduei COVID-19aren erruz lehiaketaren hiru astetan izandako denboraldiko bigarren etenaldiaren ondoren, C.D. Hernaniko pelotariek. Pasa den asteburuan hamar partidu jokatu zituzten lau t'erdiko Gipuzkoako eta lau t'erdiko Hernaniko Txapelketetan.


Gipuzkoako lau t'erdiko Txapelketa sei maila ezberdinetan jokatzen duten 15 pelotarietatik bederatzik bakarrik jokatu ahal izan zuten eta kirol balantzea negatiboa izan zen; hiru partidu irabazi eta sei galdu ziren.


Oier Alegria kadetearen eta Xabier Apaolaza jubenilaren garaipenak azpimarratu behar dira, bigarren eta lehenengo mailan, hurrenez hurren. Biak partidurik galdu gabe jarraitzen dute. Alegriak Zazpi Iturriko pelotariari 22-18 irabazi zion eta Apaolazak Jon Jara taldekidea gainditu zuen, 22-9. 


Xabier Salaberria lehenengo mailako seniorraren garaipena ere aipatu behar da, azken partidua galdu ondoren, sendo irabazi baitzuen eta sailkatzeko aukerekin jarraitzen baitu. 22-5 garaitu zuen Behar Zanako ordezkaria.


Ezin izan zuten irabazi kadeteetan Julen Deskargak eta Manex Martinek, Oiarpeko bi pelotarien aurka, 22-9 eta 22-14 galdu ondoren. Jubeniletan Unai Etxarrik 22-16 galdu zuen Behar Zanako pelotariaren aurka eta nagusietan Oiarpeko ordezkariek 22-4 eta 22-14 garaitu zituzten Mikel Lasa eta Josu Altuna, hurrenez hurren. Mundarroko pelotarien partiduak bertan behera geratu ziren.

Hernaniko lau t'erdiko txapelketa hasi dira jokatzen
Pasa den asteburuan ere Hernaniko lau t'erdiko txapelketa hasi dira jokatzen C.D. Hernaniko 14 pelotari kadetek eta Hernanin maiz entrenatzen duten Goizuetako Umore Ona klubeko bi pilotarik.


Lehenengo jardunaldian, Oier Azpeitiak Aiur Elizazu faboritoari 22-15 irabazi zion, eta beste partiduan, pronostikoak betez, Auritz Txintxurretak 22-7 irabazi zion Xuban Iturberi.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!