Inauterien faltan, 'Asteartitako bolera' plazara

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 16a, 12:00

Hernaniko txistulariek gogora ekarri dute, Inauterietako asteartean (Asteartita) herrian doinu hau jotzen zela, diana modura, goizeko seietan. Bideoa ere grabatu dute, Joxan Goikoetxeak eta Iñaki Egurenek, doinua eskainiz.

Inauteririk ez da izan aurten, pandemiaren eraginez. Eta horren ordez, gogora ekarri nahi izan dute Hernaniko txistulariek, gaurko egunez, Inauteri asteartean, herrian jotzen zen doinu bat: Asteartitako bolera. Goizeko seietan jotzen zuten, diana modura. Bideo bat ere grabatu dute, Joxan Goikoetxea eta Iñaki Egurenekin, pieza eskainiz.

Isidro Ansorena txistulari hernaniarraren paperetan agertzen da bolera hau, azaldu dutenez. «Joxe Ansorenak, Isidroren anaiak, Jose Inazio Ansorenak 1978an egindako elkarrizketa batean kontatzen du nola jendea algara batean jartzen zen, doinu hau entzun orduko».
 
Badirudi doinu hau jotzeko ohitura beste txistulari hernaniar batengandik jasoa zegoela; Teodoro Erauskinen eskutik, hain zuzen ere. «Bolera erritmoa XVIII eta XIX. mendetan asko zabaldu zen, eta zenbait musikari klasikok ere bere konposizioetan erabili zuten, Chopinek edo Ravelek adibidez». Bolerak erritmo hirukoitza edo ternarioa du, eta Seguidilla espainiar dantzatik etorri daitekela dirudi. Sebastián Lorenzo Cerezo dantzariak aurkeztu zuen 1780an, eta oso azkar zabaldu omen zen. Perkusioa (kastañuelak eta tanborila) eta kitarra izan ohi zituen musika akonpainamendu bezala, eta bere ezaugarri garrantzitsuenetako bat zen eskuen mugimendua. Gero, bolero latinoa ezagutzera eman zen, agian bolero espainarraren ondorengo bezala; baina eboluzio, erritmo (binarioa) eta izaera guztiz desberdinarekin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!