Marka onak Eibarren, Goñik eta Llopisek

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 16a, 00:00

Bere bi marka hobetu zituen Enaitz Goñik; eta Iñigo Llopisek gertu izan zuen bere Espainiako errekorra hobetzea. 

Kontrol Txapelketa izan zuten Eibarren, igande arratsaldean, Hernaniko bi igerilarik: Enaitz Goñik eta Iñigo Llopisek. Eta oso marka onak lortu zituzten biek, egindako probetan.

Bi modalitatetan aritu zen Goñi eta bietan lortu zuen bere marka pertsonal onena hobetzea. 200 metro estiloetan, 2:13.30 denbora lortu zuen, bere aurreko marka baino segundo erdi azkarrago. Eta 200 metroko bizkar proban, 2:09.11 denbora egin zuen, orain arteko bere marka onena baino bi segundo azkarrago. Bizkar proban, gainera, Espainiako rankingean 15garren postura igo da, bere adineko igerilarien artean.
Iñigo Llopisek, bere aldetik, 100 metroko bizkar proban hartu zuen parte, Eibarko Kontrol Txapelketan; eta 1:08,50 denbora lortu zuen.­ Ez zuen lortu bere marka onena hobetzea, Espainiako errekorra baitu hori; baina oso gertu izan zuen (1:08.25 da errekorra). Beraz, denbora ona lortu zuen hernaniarrak, Tokioko Paralinpiar Jokoei begira. Bertan egoteko gutxieneko markak eskuratuta dauzka Llopisek, dagoeneko.
Hernaniko Kirol Elkarteko igerilariek, berriz, larunbat honetan izango dute Kontrol Txapelketa, Ordiziako kiroldegian. Tolosan izan zuten aurrekoa, urtarrilaren 31n. Bertan aritu ziren Xabier Huitzi, Miren Uxue Garmendia eta Intza Pagola.

Kontrol Txapelketa hauetan lortutako emaitzen arabera, erabakiko dute zein igerilarik hartuko duten parte azkeneko Kontrol Txapelketan, otsaileko azkeneko asteburuan. Proba bakoitzeko zortzi denbora onenak sailkatuko dira horretara.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!