Porrota izan dute berdeek asteburu honetan, Tolosaren eta Elorrioren aurkako norgehiagokak galduta

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 16a, 00:00
Jubenilek Tolosa izan zuten aurkari larunbatean, Zubipen.

Jubenilek 0-1 galdu zuten Tolosaren aurka eta Euskal  Ligak, aldiz, 3-0eko markagailua izan zuen Elorrion. Erregional Ohorezko Mailak txapelketari helduko dio berriz ere igande honetan, Lesakan, arratsaldeko 16:30etan.

Bi partidu jokatu dituzte hernaniarrek asteburu honetan, bata Emakumeen Euskal Ligak eta bestea, berriz, Jubenilen Liga Nazionalak. Emaitza gazi-gozoak izan dira, oro har norgehiagoka parekatuak izan badira ere, porrota jaso baitute bi taldeek. Andoni Loranen mutilek 0-1 galdu zuten etxean, Tolosaren aurka; eta neskek, aldiz, 3-0 galdu zuten Elorrion. Azken emaitza horrek sailkapeneko azkenaurreko postuan kokatu ditu hernaniarrak. Leire Olasagasti kapitainak zuzendutako taldeak 10 partidutatik bakarra irabazi du, 3 galdu eta 6 berdinketa izan ditu.


Jubenilek azken minutuan galdu zuten Tolosaren aurka.  Partidu parekatua izan zen, ez zelako egon golerako aukera haundirik. Gainera, bi taldeen estrategia luze jokatzea izan zen eta ez zen arriskurik egon.  Halaber, Hernanik bi aukera garbi izan bazituen ere, biak Beñat Elizegirenak, zorteak ez zuen lagundu eta golik ez zen egon. Hala ere,  epaileak norgehiagoka amaitu behar zuenean, 90. minutuan, alboko sake batek baloia galduta utzi zuen area inguruan eta tolosarrek ondo errematatzen asmatu zuten, 0-1eko markagailua lortuta.


Emakumeen Euskal Ligako hiru puntuak Elorrion gelditu ziren, norgehiagoka borrokatua izan bazen ere, neskek 3-0 galdu baitzuten.


Erregional Ohorezko Mailak bigarren jardunaldia igandean, Lesakan
Hilabete luze askoren ondoren bueltan da txapelketa, berriz ere, Erregional Ohorezko Mailako taldearentzat. Bete-betean gelditu behar izan zituzten jardunaldiak, koronabirusak galarazi egin zuelako maila honetan norgehiagokak jokatzea. Urriaren 18an jokatu zuten lehenengo eta azkeneko partidua eta asteburu honetan itzuliko dira, ilusioz, futbol zelaira. 


Beti Gazteren aurka jokatuko dute txapelketako bigarren jardunaldia igandean, arratsaldeko 16:30etan, Lesakako futbol zelaian. Biek 3 puntu dituzte eta, beraz, garrantzitsua izango da garaipena lortzea, motibazioa berreskuratzeko eta datozen partiduei erritmoz heltzeko.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!