Merkataritza

Triziklo batekin etxez etxeko banaketa, herriko komertzioek

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 13a, 00:00

Etxez etxeko banaketarako erabiliko duten trizikloa aurkeztu zuten atzo.

Atzo aurkeztu zuten banaketa sistema, Udalak eta Berriak elkarteak, erakusleiho digitala osatzeko.

Joan den astean aurkeztu zuten hernanin.eus webgunea, herriko merkatarien plataforma digitala. Eta hori osatzeko, etxez etxeko banaketa sistema jarri dute martxan. Atzo aurkeztu zu­­ten, udaletxeko arkupeetan, Patxi Ibarguren merkataritza zinegotziak eta Berriak elkarteko Mertxe Jimenez eta Marta Zulaicak.

«Espero dugu honek indartzea herritarren eta herriko komertzioen arteko harremana», adierazi zuen Ibargurenek.
Triziklo bat erabiliko dute banaketa egiteko, eta Txita enpresa arduratuko da horretaz. Herritarrek telefonoz egin ditzakete erosketak, eta etxera eramateko eskatu. Astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 18:30ak eta 20:30ak bitartean egingo dute banaketa; egunean 12-15 entrega. Edozein produktu banatuko dute, beroak edo izoztuak izan ezik. Oraingoz, Hernanin bakarrik egingo dute banaketa: «proiektu pilotua da, eta ideala litzateke, hemendik hilabete batzuetara Astigarraga edo Urnietara ere banatzeko aukera izatea. Ikusiko dugu nola funtzionatzen duen, eta beharren arabera egokituko dugu», jakinarazi zuten.

Saltokientzat ez du kosturik izango, Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hartuko baitute bere gain. Oraingoz, 45 komertziok eman dute izena, etxez etxeko banaketan parte hartzeko, eta gainerakoek aukera daukate oraindik, apuntatzeko. Herriko komertzio guztiek hartu dezakete parte, Berriak elkarte­koak izan edo ez.

Jimenezek nabarmendu zu­en, honek balioan jartzen duela herriko merkataritza, eta aukera ematen diola, «etxetik erosketak egitea ahalbidetzeko, gero eta indar gehiago baitute». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!