Gaur bertan hasiko du liga Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 13a, 00:00

Waterpoloa gaur hasiko da.

Denboraldiko aurreneko partidua jokatuko du gaur, WP Donostia Bren aurka, eguerdiko 13:30etan. 

Ia urtebete partidurik jokatu gabe egon ondoren, gaur jokatuko du berriz ere ligako partidu bat, Hernaniko waterpolo taldeak. WP Donostiarekin batera lortu du taldea osatzea, eta aurten WP Donostia C-Hernani izango du izena. Lehenengo partidua Hernanin bertan izango dute, gaur 13:30etatik aurrera, eta derbia da gainera. Aurrez aurre WP Donostia B izango dute hernaniarrek. Pasa den urtean, bigarren fasean bertan behera geratu zen denboraldia, eta aurten berandu hasita, berregituratu egin behar izan dute, bai denboraldia, eta baita egutegia ere. Hernaniarrek WP Donostiaren taldetik jokalari batzuk lortu dituzte, eta elkarrekin egingo dute denboraldiko bidea.

Pasa den urtean multzo desberdinetan zeuden banatuta taldeak, baina aurten hamabost talde elkarrekin ariko dira, itzuli bakarrera. Denek denen aurka jokatuko dute, hamalau partidu guztira, eta horren arabera egingo da sailkapena.

Euskal Herriko B Liga jokatuko dute, eta honakoak dira gainerako taldeak: Bidasoa XXI, CD Bilbao, Sestao B, Santoña, Askartza C, Portugalete B, Getxo B, Larraina B, WP Donostia B, Lauro, Lautada, Urbat B, Logroño eta Navarra C.­  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!