Bi garaipen garrantzitsuren bila Hernani, gaur eta bihar etxean

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 13a, 00:00

Bi partidu jokatuko ditu Hernanik gaur eta bihar kiroldegian.

Gaur, 16:00etan, Navarmutilak azken sailkatua hartuko du eta bihar, 11:30etan Navarvoley liderra.

Hernaniko boleibol taldea indartsu bueltatuko da lehiaketara, bi jardunaldi jokatuko baititu asteburu honetan; biak ere etxean. Gaur izango dute aurrenekoa, Navarmutilaken aurka. Arratsaldeko 16:00etan izango da partidua, kiroldegiko pistan. Eta bihar, Navarvoley taldea izango du kontrario Hernanik, orain liderra dena, 11:30etatik aurrera; hau ere kiroldegian. 

Navarmutilak eta Navarvoley bizilagunak dira, baina kirol egoera guztiz desberdina dute. Gaurko aurkaria, Navarmutilak, azkeneko postuan dago, eta Berriozarren jokatutako partiduan Hernanik 0-3 irabazi zuen. Gaurkoa bosgarren jardunaldiari dagokion partidua da, atzeratu egin zutena, eta orain eguneratuko dutena. Beraz, etxekoek ez lukete arazorik izan behar irabazteko. Partidu erosoa izatea, mesedegarri izango luke Hernanik, biharko partidu garrantzitsuari begira.

Bigarren postua, eskuragarri

Biharko partidu hori «oso borrokatua» izatea espero du Eusebio Lizarazu entrenatzaileak. «Izan ere, Navarvoley, iaz eta aurten, liga irabazteko faboritoa da». Eta hernaniarrek, aldiz, irabaziz gero aukera asko izango lituzkete txapelketako bigarren postua eskuratzeko.
Aurreneko itzulian 3-2 galdu zuten hernaniarrek aurkariaren etxean, Iruñean, eta hortaz, bihar garaipen gosez aterako dira pistara. Navarvoleyk 29 puntu ditu sailkapenean, 10 partidu jokatuta; Bera Bera Bultzek 28 puntu dauzka, 12 partidutan; eta Hernanik 24, 11 partidu jokatuta. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!