Hernaniko jubenilek denboraldiko lehenengo garaipena nahi dute gaur Tolosaren aurka

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 13a, 00:00

Alavesen aurka jokatu zuen Hernanik azken partidua Zubipen.

Zubipen jokatuko dute, 16:30etatik aurrera, eta sailkapena oso estu dagoenez salto haundia eman dezakete, irabaziz gero. Euskal Ligako taldeak Elorrion jokatuko du bihar, aurreko astean 3-2 etxean irabazi ondoren.

Asteburu honetan Hernaniko bi taldek jokatuko dituzte ligako partiduak. Jubenilen Liga Nazionaleko taldeak, Tolosa hartuko du Zubipen, gaur arratsaldeko 16:30etatik aurrera; eta oso partidu garrantzitsua da hernaniarrentzat. Bestetik, Euskal Ligako talde nagusiak Elorrion jokatuko du bihar, 16:00etan, Eleizalde futbol zelaian. 

Jubenilek denboraldiko lehenengo garaipena lortu nahi dute. Orain arte lau partidu jokatu dituzte, eta bi garaipen eta bi porrot pilatuta, bi puntu dauzkate. Hala ere, sailkapena estu dago. Zortzi taldeko bi multzok osatzen dute liga, eta hernaniarrak bigarrenean daude: azkeneko postuan daude, baina hirugarren sailkatua bi puntura baino ez dago. Alaves eta Reala dira jaun eta jabe, eta beste taldeen artean berdintasuna izugarria da. Ia partidu guztiak berdinketarekin amaitu dira, eta gaur garaipena lortzea oso garrantzitsua litzateke. Hiru puntu lortuz gero, bost punturekin, azken postutik aterako litzateke Hernani, eta sailkapenaren erdialdean kokatu.   

Tolosak lau puntu ditu eta azken jardunaldian Berazubin galdu egin zuen Barakaldoren kontra. Hernanik Amorebietan bina berdindu zuen eta horrek arnas pixka bat eman die. Nesken taldeak aurreko astean lorturikoa berdindu nahi dute.

Bigarrenaren bila, bolada ona luzatu nahian

Bestetik, Euskal Ligako taldeak  Elorriora egingo du bihar bidaia. Eleizalde zelai dotorean, elkarren aurka ariko dira Hernani eta Elorrio, 16:00etatik aurrera. Joan den astean, lehenengo garaipena lortu zuten hernaniarrek, eta bigarrenaren bila aterako dira. Euskal Ligan ere, jubeniletan bezala, bi talde daude denen gainetik, Athletic eta Eibar, eta beste guztien artean berdintasun haundia dago. Hernanik, partidu bat gutxiagorekin, Elorriok baino bi puntu gutxiago ditu. Bederatzi partidutan bi bakarrik galdu dituzte, eta sei berdinketa lortu ditu taldeak.
Bihar irabaziz gero, hirugarren postuari begira jarriko litzateke nesken taldea, eta bolada onari segida emango lioke

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!