«Etiopiako ejerzitoak sei egunez bonbardatu zuen Wukro azaroan, erresistentziarik gabe»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 13a, 00:00

Angel Olaran, Leokako labaderoaren inguruan. Gogora ekarri du elkarrizketan, bertan aritzen zela jolasean txikitan.

Kezka haundiz eta ia berririk gabe jarraitu du bere hiriko egunerokoa Angel Olaran hernaniarrak, azaroan Etiopiako gerra lehertu zenetik. Hernanira etorria zen urrian, eta ordutik ezin izan du bueltatu. Orain, behintzat, telefonoz hitz egin dezake hangoekin.

Aspaldiko egonaldi luzeena ari da egiten Angel Olaran hernaniarra, herrian. Ez, ordea, hala nahi duelako, Wukrora (Tigray, Etiopia) bueltatzeko aukerarik ez duelako baizik. Urrian etorri zen Hernanira, eta azaroan lehertu zen gerra Etiopian, ejerzito federala Tigrayn sartu zenean. Komunikazio guztia etenda egon zen hasieran, eta orain ere, telefonoz komunikatu daitekeen arren, bertako benetako egoera ezezaguna dela dio, Etiopiako Gobernuak kontrolatzen duelako bertara iristen den laguntza humanitarioa. Kezkatuta dago, eta Wukrotik iristen zaizkion berriek ere ez dute lasaitzen. Elkarrizketarako eseri baino lehen, hango neska batekin aritu da hizketan, eta telefonoz ari zela entzun du eztanda bat: bonba bat lehertu da, neskaren bizilekutik gertu.

Hernanin harrapatu zintuen gerraren hasierak, eta ordutik ezin izan duzu bueltatu, ezta?
Ezin dut bueltatu, ez. Eta bueltatzerik izango banu ere, hangoek esan didate ez joateko. Kontua ez da gerra bat dagoela, eta tiro bat tokatzen bazaizu, tokatu zaizu; hemen Covid-19a tokatzeko aukera daukazun bezala. Ez, kontua da etxeetan sartzen direla lapurtzera, eta lapurtzeaz gain, edozer egin dezaketela, baita jendea hil ere. Emakumea izanez gero, bortxatu egiten zaituzte, tiro bat jaso dezakezu... Gerra bera baino, horren atzetik dagoena da, oso egoera inhumanoa. Eta ni bezala, bertakoa ez den bakarretakoa izanda, eta azal kolore ezberdinarekin, ez zara oharkabean pasatzen. Horregatik esaten didate ez joateko. Hemen geratzeko, eta egoera pixka bat konpontzen denean, joango naizela bueltan. Bitartean, hemen ezagutarazi nahi dut nolakoa den hango egoera, herritarrena.

Nola bizitu duzu guztia hemendik?
Ziurgabetasun haundiaz. Bizkar gainean zama haundi bat izatea bezala da. Hangoan pentsatzen ez zaudenean ere, gainean daramakizu pisu hori. Goizero, esnatzean, aurrena hango egoera etortzen zait burura. 

Zaila da hobera egitea, nazioarteko erakundeek (Europar Batasuna, Afrikar Batasuna, Nazio Batuen Erakundea, bertan dauden enbajadak...) ez baitute ezagutzen benetako egoera. Etiopiako Gobernuak ikusarazi nahi die haiei lagundu nahi diela. Esaten diete janaria iristen zaiela Tigraykoei, eta ikusarazi nahi diete ez dagoela gatazkarik, dena ondo dagoela. Gainera, Etiopiako eta Eritreako gobernuek diote, ez dagoela Eritreako soldadurik Tigrayn, eta gizarte zibileko inor ez dela hil. Baina albisteetan ikusi dugu, 60.000 biztanle inguru hil direla, gerra hasi zenetik. Eta Eritreako soldadu asko daude bertan

Estatu Batuetako enbajadak, adibidez, orain babesa ematen dio Tigrayko gobernuari, Trumpen garaian ez bezala. Orduan Etiopia eta Eritreakoei ematen zien babesa. Baina orain, babesa eman arren, gehiago da hitzezkoa, ekintzetakoa baino. Eskatzen diete zintzoak izateko, Tigraytik ateratzeko, uzteko laguntza humanitarioa bertan sartzen... Aholku onak bai, baina bertan presente ez dauden bitartean... Presentzia horrek ez dauka armen erabilera ekarri beharrik. Baina bai ikusaraztea, badagoela presentzia indartsu bat, behartzen dituena Eritreako eta Etiopiako ejerzitoak Tigraytik ateratzera. 

Orain, nazioarteko erakundeak Tigrayra sartzen direnean, Etiopiako Gobernuak bideratzen ditu komeni zaion tokira, egoera ondoen beraiek ezagutzen duten aitzakian; eta esanez seguruagoa dela beraiekin joatea. Beraz, nazioarteko erakundeak Tigrayn barrena libre ibiltzen ez diren bitartean, ez dute ikusiko benetan egoera zein den. Iristen den laguntza humanitarioa Etiopiako Gobernuak kontrolatzen du.

Azaroan lehertu zen gerra Etiopian. Tigray etniako herritarren kontra altxatu zen Etiopiako Gobernua. Zergatik?
Bertsio desberdinak daude. Batetik dago Etiopiako Gobernuaren bertsioa, eta bestetik, han eta hemen zabaltzen diren adierazpenak, bertan egon direnenak. Izan ere, komunikazio guztia moztuta dago. Duela hilabete batetik, komunikatu gaitezke Makele hiriburuarekin eta Wukrorekin telefonoz, baina internet bidez ez. Nazioarteko prentsa ez dago presente Tigrayn. Bertsio ofizialak dio, Tigray nazioko ejerzitoak erasotu zuela ejerzito federalaren postu bat Makelen, munizioa lapurtzeko; eta soldadu federalak hil zituztela. Eta horregatik, Gobernuak soldaduak bidali behar izan zituela bertara, postua defendatzera. Gainera, 120 pertsonako zerrenda bat daukate, kriminal eta terroristatzat jotzen dituztenak, esanez Tigrayn gatazka hori antolatu dutela; eta adierazi zuten, horiek guztiak harrapatu arte egongo direla Tigrayn soldadu federalak. Hasieran esan zuten, baita ere, ejerzito federala Makelera iristean bukatuko zela gerra. Azaroaren bukaeran sartu ziren hiriburuan, baina Tigrayko gobernuak, Makelen borroka gertatzea saihesteko, bertatik atera zituen bere ejerzitoa eta politikariak, eta mendira joan ziren. Herritarrak salbatzeko modu bat izan zen, ejerzito federala hiriburuan sartu zelako tiro bakar bat ere egin beharrik gabe. Baina horrekin ez zen gerra bukatu, ez dituztelako 120 horiek harrapatu. Dirudienez, horietatik 20-25 bat atxilotu edo hil dituzte, orain arte. Orain, gerrillen gerra bat da, Tigraykoak mendira joan direlako.

Azaroaren 4an hasi zuen erasoa ejerzito federalak, eta dirudienez, hilaren 3an erasotu zuen Tigrayko ejerzitoak, Makeleko postua. Beraz, erasoa gertatu eta hurrengo egunean hasten bada gerra hegoaldetik eta iparraldetik, hegazkinekin zein tankeekin sartuta... Zaila da pentsatzea gerra ez zegoela aurretik prestatuta. Gainera, Sudani egun batzuk lehenago eskatu zion Etiopiako Gobernuak, muga zaindu zezala, Tigraykoek ihes ez egiteko.

Nolakoa da egoera Wukron, zure hirian?
Elkarrizketa hau hasi baino lehen, Wukroko neska batekin aritu naiz hizketan, gurekin harreman haundia daukana. Umezurtzen taldean egon da gurekin, txikia zenetik. Egun hauetan Makelen zegoen bera, eta lortu du Wukrora iristea. Eta berarekin telefonoz ari nintzen bitartean, eztanda moduko bat entzun dut. Oso urduri sumatu dut, eta esan dit bonba bat lehertu dela beraien etxearen ondoan. Tiroak eta zaratak ere entzuten zirela esan dit. Beraz, gerran daude une honetan ere.

Azaroaren bukaera aldera, ejerzito federalak sei egunez bonbardatu zuen Wukro, baina inolako erresistentziarik gabe. Badago Alegiako neska bat, orduan Wukron zegoena. Eta esan zidan, Tigrayko soldadurik ez zegoela Wukron, erresistentziarik ez zutela jarri; baina Etiopia eta Eritreako ejerzitoek sei egunez bonbardatu zuten hiria. Bonbarik ez zen erori gure eskolan, baina inguruko etxe batzuetan bai. Ez dakit zein zen helburua, herritarrak beldurtzea edo...

Zer dela eta sartu da Eritreako ejerzitoa ere, bertara?
1991n, Addis Abeban (Etiopiako hiriburuan) sartu ziren Tigraykoak eta Eritreakoak, elkarrekin. 17 urteko Gerra Zibilaren bukaera izan zen. Elkarren ondoan daude Tigray eta Eritrea. Eta Etiopiako beste nazio batzuekin ere harremana bazeukaten ordurako. Beraz, Addis Abeba hartu zutenean, lau naziok koalizio bat osatu zuten. Ordura arte ez zegoen hauteskunderik ezta alderdi politikorik.

istean, esan zuten Tigrayren independentziaren alde borrokatu zutela. Baina Tigraykoek esan zuten beraiek bilatzen zutena ez zela independentzia, baizik eta Etiopiako bizitza sozial, ekonomiko eta politikoa antolatzea. Orduan, Eritreari aukera eman zitzaion erreferendum bat egiteko, bere independentzia bozkatzeko; eta %99ak alde bozkatuta, Eritreak independentzia lortu zuen. Tigray, ordea, Etiopian geratu zen.

Orain, badirudi Eritreako presidentea sadiko xamarra dela, eta berak daukan gorrotoa transmititu dio bere herrialdeari, urtetan, esanez Tigraykoek Eritreari lapurtu ziotela bere potentzial ekonomikoa eta soziala; eta Eritrearen etsai izendatu ditu.

Beraz, aspalditik datorren gatazka bat da?
Gatazka armaturik ez da izan orain arte. Baina badirudi, Addis Abeba hartu zuten garaian, Tigrayk indar haundia zeukala. Eta azkeneko 30 urteotan, Tigrayren kontrako jarrera bat izan da, eta orain ari da azaleratzen. Esan izan da despotak eta kriminalak izan zirela garai hartan. Eta beharbada hala izango zen. Baina horregatik ez duzu gerra bat antolatzen; epaitu egiten dituzu. Horretarako daude nazioarteko auzitegiak ere. Badago zerbait, ihes egiten diguna.


Argi pixka bat ikusteko zain dago Angel Olaran, Wukrora bueltatu ahal izateko

Azken urteotan Tigraykoen kontrako jarrera bat izan dela diozu. Zergatik?
Badira Tigrayko biztanleak, Etiopiako beste nazio batzuetan bizitzen. Eta askori, bizilagunek bizitza izorratu diete: etxea erre diete, kotxea, denda, jo egin dituzte... Eta ihes egin behar izan dute. Gertutik bizitu dut hori, Wukroko alkateak laguntza eskatu zigulako guri, pertsona horiei bizilekua emateko. Egoera horretan, 120 bat familia etorri ziren, Wukrora bakarrik. Eta aldiz, Tigrayn beste nazioetako biztanle asko daude, bizitzen eta lanean; eta inork ez die bizitza izorratu.

Berdin gertatu da unibertsitateetan. Tigraytik kanpoko unibertsitateetan, Tigraykoei jasanezina egin diete egonaldia, eta askok bueltatu egin behar izan dute. Baina Tigrayko unibertsitateetan ere badaude beste nazioetakoak, eta ez da inolako arazorik izan. Kotxean Tigrayko matrikularekin bazoaz beste nazioetara ere berdin, arazoak izan ditzakezu.

Eta ez dakit nondik datorren gorroto hori. Ez dakit inbidia den, edo zer den. Baina niri miresgarria iruditzen zait, Tigraykoek ez dituztela sekula erabili jokabide horiek, Etiopiako Gobernuaren kontra egiteko. Beraz, ezin dut ulertu Tigrayren kontrako altxamendu hau.

Nolakoak izan ziren gerrako aurreneko egunak? Eta zein da egoera orain?
Gerraren hasiera gogorragoa izan zen Tigrayko hegoaldean, eta bertako bizilagun askok ihes egin behar izan zuten, Sudanera edo. Soldaduen krudelkeria izan zen, babesik gabeko herritarren kontra; eta ez soldaduek soldaduen kontra egiten duten gerra. Ez zen gerra bat zerbait defendatzeko, baizik eta dena txikitzeko, mendekua hartzeko... Arrazoirik gabe, haurrek eta emakumeek jasan behar izan dute. Baina informazio gutxi izan zen hasieratik, komunikazio guztia moztuta zegoelako.

Eta horrekin batera, moztu zuten laguntza humanitarioa eta komertzioa. Tigrayn, populazioaren %85a da nekazaria, eta familia bakoitzak hektarea bat izango du, gutxi gorabehera. Urtean bi hilabetez egiten du euria, beste 10etan lehortea izaten da; eta hektarea bakarrarekin, ezin duzu biziraun. Hortaz, janaria kanpotik iristen da Tigrayra: garia, artoa, garagarra... Eta gizarte lanen truke ematen die janaria Tigrayko administrazioak, herritarrei: errepideak konpondu, putzuak egin... Gizarte osoarentzako onuragarriak diren lanak. Eta dirutan ordaindu beharrean, janaria ematen diete.

Lan horietan, asko gustatzen zait funtzionamendua. 10-20 laguneko taldeak izaten dira, eta bakoitzak ahal duena egiten du. Egon daitezke adinekoak, haurrak dituzten emakumeak, beste batzuk gazteagoak... Denak hasten dira elkarrekin lanean, eta oso modu naturalean ulertzen dute batzuek besteek baino gehiago egin behar dutela. Ez dut sekula kexarik entzun, eta ez dago inor kontrolatzen zer egiten duen besteak. Baina denek bukatzen dute lanaldia aldi berean, eta denek kobratzen dute berdin. Oso lan erritmo polita daukate. Noski, lan horien truke jasotzen duten janari hori ez da iristen orain, Tigray itxita daukatelako. Eta beraz, gosea arazo larri bat da une honetan.

Horrez gain, osasunaren arazoa dago. Wukroko ospitalea osorik dago, ez du kalterik jaso; baina makinaria guztia lapurtu dute. Zapatak egiten dituen fabrika batean ere berdin gertatu da: eraikina ondo dago, baina barruko guztia lapurtu dute. Eta urik ere ez dago. Hiriko putzuek ez dute funtzionatzen, sistema elektrikoa lapurtu dutelako. Eta gure misioan ere badauzkagu bi putzu, baina eguzki-plakak lapurtu dizkigute, eta beraz, putzu horiek ere ez diete balio. Lau kotxe ere lapurtu zizkiguten, eta informatika gelako ordenagailu guztiak.

Administraziorik ere ez dago orain, ezta alkaterik ere. Eta herritarrak antolatzen hasi dira. Modu batera edo bestera, lortu dute janari pixka bat produzitzea. Etxeetan ez dago urik, baina kamioi zisterna batzuk erabiltzen ari dira putzu batzuetatik ura etxeetara eramateko. Kaleak zikin daude, garbiketa zerbitzurik ez dagoelako; baina horri ere heldu behar diotela azaldu dute, bestela kolera edo antzeko gaixotasunak hedatu daitezkeelako.

«Hazten joan den hiri bat da Wukro, eta dinamika polita hartu du, baina gerra honek dena geldiarazi du; eta gauza askotan, hutsetik hasi beharko dugu berriro»

Lapurretaz gain, txikiziorik egin dute zuen eskolan?
Gurean ez da txikiziorik izan, oraingoz. Wukrotik 70 kilometrora dagoen beste eskola batean ere, nafar bat eta irlandar bat bertan zirela, lapurrak sartu ziren gauean: eskuak lotu zizkieten, eta denetik lapurtu zuten, baina haiek lasai utzi zituzten. Baina Wukron bertan, adibidez, soldaduak sartu ziren konbentu batean, gauez: lau monja gazte bortxatu zituzten, eta lasai-lasai egin zuten alde gero. Ez dakigu zer

Egoera horretan, posible da jendeak hemendik laguntzea?Bai, orain bai. Duela gutxi arte, banketxe guztiak itxita zeuden. Baina orain dela hilabete inguru, Makelen ireki zituzten banketxeak, eta Wukrokoek ere atera dezakete dirua bertan. Eta dagoeneko ari dira dirua ateratzen. Hortaz, hemengo jendeak egin ditzake donazioak, Hernani Wukrorekin proiektuaren Kutxabankeko kontu korrontean: ES62 2095 5041 15 1061674080. Informazio guztia dago angelolaran.com webgunean. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiet, aspalditik dirua ematen duten horiei. Urteak daramazkite hilero dirua ematen, eta askotan ez dut aukerarik izaten, nahi adina eskertzeko.

Ikerketa bat badago, zehazten duena zenbat kostatzen den pertsona batek jasotzen duen jatekoa, hilabetean: 15 kilo ale (garia, garagarra...), 3 kilo lekale, eta kilo erdi olio. Hori izango lirateke 18 euro inguru. Horri gehitu behar zaio garraioa, eta bizitzeko diru pixka bat ere behar dutela. Beraz, pertsona batentzat, hilean beharko genituzke 20 euro inguru. Egunean euro bat ere ez da hori. Une honetan, kezka nagusia ez da gerra bera, baizik eta jatekoa ez dela iristen bertara.

Zuk ia 30 urte daramazkizu Wukron, dagoeneko.
Bai, hala da. 1992an joan nintzen hara, Tanzanian 20 urte egin ondoren, Wukroko administrazioak gotzainari eskatu ziolako laguntza, bigarren hezkuntzako eskola bat irekitzeko. Gotzainak gure taldeari, Aita Zurien misioari, eskatu zion eskola hori irekitzea. Eta hara joan ginen. Jendeak besoak zabalik hartu gintuen. Eta pixkanaka, etorri zitzaizkigun laguntza eske, bost haur umezurtzekin, gero adineko pertsona batzuekin... Eta hasi ginen eguneroko bizitzan parte hartzen, eskolatik harago. Hemengo jendea ere joan da Wukrora, dirua eman dute basoak landatzeko edo putzuak egiteko; eta horretarako, Wukroko administrazioarekin aritu gara elkarlanean, beraiek dakitelako guk baino hobeto, non behar diren zuhaitz berriak eta putzuak. Hernanik harreman haundia izan du Wukrorekin, urte guzti hauetan. Jende asko joan da, eta ikusi dutenean hango egoera, gehiago konprometitu dira laguntzeko. Horri esker joan da hazten Wukro.

Eta zertan nabaritu da hazkunde hori, besteak beste?
Ni iritsi nintzenean, 0 eta 3 artean izango ziren, unibertsitatera joaten ziren gazteak, Wukrotik eta inguruko herrietatik. Orain, 100 baino gehiago dira. Garai hartan, fabrika bakarra zegoen, sare metaliko moduko batzuk egiten zituena. Gaur egun, 10-12 fabrika izango dira; tartean, zapatak egiten dituen hori, 700 herritarri lana ematen diena. Errepiderik eta kotxerik ere ez zegoen orduan, eta gaur egun errepide nagusia asfaltatuta dago, duela 18 urtetik edo. Horrekin iritsi ziren bizikletak ere, eta badaude txirrindularitzan aritzen diren Wukroko gazteak. Duela 10 urte arte ez zuten bizikletarik ikusi, eta orain Afrikako txapelketetan aritu dira, eta baita brontzezko dominak ekarri ere. Berdin patinekin, tenisarekin... Kirola asko garatu da, eta hori oso ona da hango gazteentzat.

Medikuak ere, bat edo bi ziren lehen, 300.000 biztanleko hiri batean. Eta gaur egun badira 14 mediku inguru, behintzat. Ingeniariak berdin, bakarra izatetik 14-15 izatera pasa dira. Dinamika polita hartu duen hiri bat da Wukro. Turismoa ere erakarri du, eta hiri ezaguna da Etiopian.

Baina gerra honek dena geldiarazi du; eta gauza askotan, hutsetik hasi beharko dugu berriro. Hala ere, uste dut amesgaizto hau bukatzen denean, gorrotorik ez dutela izango Tigrayko biztanleek, ezta hau guztia egin duten soldaduen kontra ere. Konfiantza daukat, berriro lanean jarriko direla, gerraren aurreko bidera bueltatzeko

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!