«Nire hautagaitzaren helburu nagusia da txiletarren eskubide sozialak babestea eta bermatzea»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 13a, 00:00
Katharina Pavletich txiletarra, Coquimbo eskualdeko egunkariak ateratako argazkian.

Pasa den urteko urrian erabaki zen, botoen %78,28rekin, Txilen konstituzio berria idaztea. Katharina Pavletich konstituziogile hautagai independentea da, eta borrokan ari da  estatu sozial, demokratiko, errepublikar eta plurinazionalaren alde. 

2019ko azaroan gertatu zen eztanda. Txileko herriak kaleak hartu zituen eta herrialdeak bizi zuen egoera sozio-politiko eta ekonomikoa salatu zuen. Haurrak, gazteak zein helduak atera ziren kalera eta haien borroka eredu izan da Hego Amerikako beste hainbat herrialdeetan. Lau haizeetara zabaldu zuten oihua eta, Pinocheten diktadurako arrastoak oraindik ere nabariak zirelakoan, Txileko egoerak berehalako aldaketa behar zuela helarazi zuten. Herriaren haserrea piztu zuten arrazoiak asko izan ziren, baina horien artean zeuden herrialdeko osasun sistema eskasa, Hego Amerikako hezkuntza garestiena izatea, 400.000 pesoko soldata minimoak, astean berrogeita bost orduko lanaldia izateak, uraren pribatizazioa eta elite politikoaren soldatak herritar zibilarenak baino hogeita hamahiru aldiz altuagoak direla. 

Bizi baldintza duinak izateko bidean, kaleak jendez bete ziren. Piñera presidenteak kargua uzteko eskatu zuten eta, batik bat, Batzar Konstituziogilea sortzeko eskaera egin zuten. Dena den, egunek aurrera egin ahala, egoera ilundu zen, izan ere, manifestazio baketsuen aurrean estatuak errepresioarekin erantzun zuen, indarra erabili baitzuen herria isiltzen saiatzeko. Hori horrela, txiletarrek gogoan izango dituzte bidean geratu ziren guztiak, eta Txileko memorian gordeko dira denbora horretan guztian egon ziren ezbeharrak. 

Esanak esan, ustezko demokrazia 1990 urtean heldu zen Txilera. Ordutik, 1980ko Konstituzioa hainbat aldiz erreformatu zen, baina Augusto Pinochet zen Armadako burua eta, ondorioz, 1998 urtean Londresen atxilotu bazuten ere, testuan ez zen aldaketa nabarmenik egon. Horrekin, duela bi urteko eztanda sozialak agerian utzi zituen ezberdintasun ekonomikoekin nazkatutako gizarte baten lehentasunak, «aldaketarako garaia» dela oihukatuta. 

 

Pavletich, herri duina eta inklusiboa eraikitzeko bidean 
Orain, eztanda gertatu zenetik ia urte eta erdi beranduago, herriak irabazi duela esan genezake. Izan ere, pasa den urteko urrian, testu konstituzional berria idaztearen aldeko alternatibak botoen %78,28 gainditu zuen Kongresuan. Prozesu horretan dihardu Katharina Pavletich soziologoak. «Duintasuna eta justizia soziala exijituz, Txile kalean egotearen emaitza zuzena izan da hau», aipatu du txiletarrak. «Prozesu nekeza da, baina laburra. Konbentzio Konstituziogilerako hautagaien aukeraketa apirilaren 11n izango da eta maiatzean eratuko da, aurreko fasean hautatuak izan diren herritarrekin. Horren ostean, 9 hilabete igarota, lehen konstituzio testu bat eman beharko du Batzarrak eta hori bera plebiszitu batera eramango da, herriak testu hori onartzen duen ala ez erabakitzeko», argitu du. «2022ko abuztuan izango dugu konstituzio berria, gutxi gorabehera». 

Soziologoak lotura estua du Hernanirekin, lagunak eta senideak baititu bertan eta, gainera, bi urte eman zituen herrian. «Lotura garrantzitsua dut Euskal Herriarekin, esperientzia izugarriak bizi ditut-eta. Faltan botatzen ditut Hernaniko familia, lagunak, otorduak, pintxoak eta sagardotegiak. Ahal denean joatea espero dut», gogoeta egin du txiletarrak. Hernanin zegoela, master bat egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta Hernaniko Koxka elkarteko kide ere bada Pavletich. «Asko maite dut Euskal Herritarrek duten askatasunaren, elkartasunaren eta aniztasunaren zentzua; Hernaniko jendearen artean beti aurkitu izan ditut ezaugarri horiek». 

Egun Txilen bizi da eta herrialde «duina eta inklusiboa» lortzeko bidean, Batzar Konstituziogilea osatuko duten kideen artean egoteko hautagaitza du. Pavletich-ek gaixotasun arraro bat du, Fibrodisplasia Osifikatzaile Progresiboa (FOP) izenekoa. Horren eraginez, organismoko zenbait egitura, giharrak edo zurdak kasu, hezur bihurtzen dira. Lau urterekin hasi zen lehen sintomekin eta duela zazpi bat urtetik gurpil-aulki batean dago. 

Hala ere, hori ez da oztopo soziologoarentzat. Coquimbo eskualdeko hautagaia da eta eskubide sozialen aldeko apustu sendoa egin du; sortu nahi du konstituzio inklusiboa, demokratikoa eta egungo beharretarako egokitua. Batik bat, bere kanpainaren oinarrien artean daude desgaitasun-egoeran dauden pertsonen eskubideak, adinekoen eta haurtzaroaren eskubideak, etxebizitza duina biltzen dutenak, elikadurarako eskubidea eta genero-berdintasuna biltzen dutenak.

Batzar Konstituziogilean 17 aulki, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat
Txileko konstituzio berria idazteko Batzar Konstituziogilea sortu da. 155 eserleku izango ditu eta 21.198 Legeari esker, 17 aulki gordeko dira, espreski, herri indigenen ordezkarientzat eta aniztasun funtzionala duten pertsonentzat. Halaber, Batzarrera iristeko helburuz aurkezten diren alderdi politikoek eta zerrenda guztiek bete behar dute gutxienez %5eko desgaitasuna duen parte-hartzaileak izatea. «Modu horretan, ziurtatu da desgaitasun-egoeran dauden pertsonentzako eta familientzako eskubide konstituzionalak bermatzea», az­pi­ma­rratu du Pavletichek. Dena den, aipatutakoaren gainean hainbat xehetasun mahaigaineratu nahi izan ditu. «Oso polita dirudien arren, herri horiei eskaini zaien ordezkaritza ez dator bat biztanlerian dutenarekin».  Salatu du mahai konstituziogilean eduki beharko luketen ordezkaritza dezente haundiagoa izan behar lukeela, «eta hori demokrazia faltaren seinale da».
Berak multzo horretarako hautagaitza du eta «gutxi eta mugatuak» direla pentsatzen badu ere, adierazi du «aurrerapauso haundia» dela inklusiorako, esan du. «Ezin dut aipatu gabe utzi genero-parekotasuna. Izan ere, kideen erdiek emakumezkoak izan behar dute eta hori, Txile bezalako herrialde batean, lorpen historikoa da, herriaren presioari esker lortutakoa». 

Gainera, helarazi du ehuneko hori zehaztuta ulertu ahal izango dela zenbait herritarrei eskubideak ukatzen zaizkiela. «Hala nola, inklusiorako eta aukera-berdintasunerako, osasunerako, errehabilitaziorako eta gaikuntza unibertsalerako eskubidea, hezkuntza inklusiborako eta duinerako eskubide orokorra, laneratzekoa eta oinarrizko diru-sarrera unibertsal duinerakoa». Horrela, bada, hauxe zehaztu du: «eskubide horiek guztiak bermatzeko modu bakarra horien gabeziak zuzenean pairatzen ditugunon presentzia da».

Bestalde, Coquimbo eskualdeko hautagaia da Pavletich. «Bosgarren barrutia da niri dagokidana. Txileko hauteskunde-banaketa hauteskunde-barrutien arabera banatzen da eta, oro har, herrialdeko eskualdeekin bat dator. Salbuespen dira biztanle gehien dituztenak, horiek hauteskunde-barruti gehiagotan banatzen dira-eta», jakinarazi du. «Gure eskualdean, esaterako, zazpi Hitzarmen Konstituziogile aukeratuko dira, alderdi politiko eta independenteetako hautagai-zerrenda bakoitzak lortzen dituen bozken arabera. Horrez gain, herri indigenen ordezkari batentzat erreserbatutako kupo bat hautatuko da. Horretarako, herri indigenek hautesle-erregistro bereizia eta berezia izango dute».

Gizartean «baztertuta» daudenen aldeko borroka
Konstituzio berria idazteko hautatua izan dadin, Pavletich Apruebo Dignidad zerrendan dago. Hala ere, argitu nahi izan du zerrenda horretan dagoen arren, aldi berean independentea ere badela «militantzia alderdikoirik gabe, Iraultza Demokratikoak eta Fronte Zabalak babestuta». Hain justu ere, Apruebo Dignidad «neoliberalismoaren aurkako bloke gisa altxatzen da, eta gizartearen eskaeren esanetara jartzen gara».

Horrekin batera, txiletarrak argi du zein norbanako eta talde ordezkatu nahi dituen. «Gizarte honetatik baztertutakoak, hau da, emakumeak, langileak, adineko pertsonak, desgaitasun-egoeran daudenak. Oro har, eskubide sozialak babestu eta bermatu daitezen borrokatzea dut helburu». Hortaz, eskubide sozialen aldeko borroka sutsua egiten du Pavletichek, Txilen ez baitaude «inolaz ere» ziurtatuta. «Txilen ez dituzu bermatuta eskubide sozialak dirurik ez baduzu, funtsean pribatizatuta eta merkatuaren esku baitaude; beraz, ikastea, etxebizitza bat lortzea eta osasuna edukitzea garestia eta prekarioa da. Gosea eta desnutrizioa duen populazioa dugu». Halaber, gehitu nahi izan du, «denek ezin dute unibertsitatera joan, luxu bat da, kostu ekonomikoari dagokionean. Hori Pinocheten diktaduran inposatutako sistema neoliberalaren emaitza da, hark ondo lotutako 1980ko Konstituzioaren fruitua. Ondorengo gobernuek soilik erreformak egin dituzte, aldaketa erreal baterako nahikoak izan ez zirenak».

Hori horrela, Pavletichen nahia da alde horretatik, bederen, herrialdeko egoera aldatzea. «Eskubide sozialen aldeko borroka nekaezinean sinesten dut eta horien alde borrokatzeko beharra ikusten dut. Hain zuzen, herrialde bateko pertsonei autonomiaz eta berdintasunean garatzen laguntzen dietenak, bizitza duin eta inklusiborako beharrezkoak diren baldintza ekonomikoak eta oinarrizko izaera duten beharrei erantzungo dieten zerbitzu publiko sendo batzuk bermatuko dituztenak». 

Beraz, dio, konstituzio berriaren gai nagusiak eskubide sozialak izan behar direla, hauexek ziurtatzeko: «osasuna, hezkuntza, etxebizitza, pentsioak, adineko pertsonak, haurtzaroa, elikadura, ingurumena, ura, herri indigenak, desgaitasun-egoeran dauden pertsonak, besteak beste».

«Itzalpean mantentzen gaituzte, diskriminatuta»
Konstituziogile hautagaiak aitortu du, aniztasun funtzionala duen aldetik, diskriminatuta sentitu dela eta sentitzen dela Txilen. «Oztopo arkitektonikoak ditugu alde guztietatik, ez dugu laneratzerako eskubide errealik ezta independentzia ekonomikorik ere. Gainera, hezkuntza-eremuan ez zaigu behar bezala aitortzen eta maila altuko ikasketetara heltzen garenak oso gutxi gara. Arlo horietan lan egin behar dugu, inklusiorako, itzalpean mantentzen bagaituzte ere,  biztanleriaren %16 garelako». 

Hori horrela izanik, hezkuntza doakoa, kalitatekoa eta inklusiboa defendatzen du Pavletichek. «Gaur egun, Estatuan hori ez da betetzen, oso garestia da kalitatezko hezkuntza eskuratzea eta doakoa oso urria eta txarra da; sistema oso irregularra, eskasa eta baztertzailea da. Horregatik egungo sistema ez da batere inklusiboa, sistema ez da gai pertsona guztiak bere gain behar bezala hartzeko. Desgaitasuna duten pertsonak, errekurtso urritasuna dutenak edo, oro har, esklusio egoeran daudenak, hezkuntzatik at geratzen dira gehiegitan», salatu du.

Hezkuntza arloan aniztasun funtzionala duten herritarrentzat laguntza ia ikusezina dela salatu du. «Kasu batzuetan eskola berezi batera bidaltzen zaituzte, eta ez zaituzte sistema tradizionalean sartzen, eta desgaitasun-egoeran dauden pertsona gehienek aipatu bezala, oinarrizko irakaskuntzara baino ez dira iristen. Eta, noski, unibertsitatera joateaz ezta hitz egin ere». 

Ildo beretik, estatuak aniztasun funtzionala duten herritarrentzat ezarrita dituen laguntzak edo eman dituen baliabideak erakusleiho faltsua besterik ez direla salatu du. 2018an onartutako lege baten adibidea eman du, aurreko hori azaltzeko; hain justu, 100 langiletik gorako enpresek aniztasun funtzionala duten pertsonak kontratatzeko legea onartu zenekoa. «Nahiko kritikoa naiz lege honekin, uste dudalako papera baino ez dela, eta praktikan ez dela betetzen laneratzeko helburua. Izan ere, Estatuak eredu izan beharko luke horretan eta xedea betetzen ez duten lehenak eurak dira. Ez dago nahikoa fiskalizaziorik», esan du. «Horrez gain, enpresa batzuetan araua betetzen badute ere, soldata baxuenak dituzten postuetara bideratu ohi dira desgaitasunak dituzten langileak, eta hori, nahiz eta lege horrek ez aurreikusi, diskriminazioa da».  


Elkartasuna, erdigunean
Pavletichek estatu plurinazional baten aldeko defentsa egiten du,   adierazi duenez, indarrean da­go­en konstituzioak ez dielako konstituzio-mailarik aitortzen jatorrizko nazioei eta herriei: «xede du haien existentzia ez ezagutaraztea».  Horregatik, soziologoak elkartasuna jarri du erdigunean, eta kultura, herri, eta nazio guztien aldeko batasuna du jomuga. «Funtsezkoa da Konstituzio berrian lurraldeko nazio eta herri guztien existentzia aitortzea, jatorrizko herri guztiak, haien kulturak, ekonomiak eta hizkuntzak eta, bide batez, eratzea Europako jatorriko biztanleria migratzailea, eskubide osoz barne hartuko dituen nazio anitzeko estatua». 

Horrekin batera, proposatutako hautagaitzarekin, herrialdeko etnia indigenak besarkatu ditu. «Mapuche, Aymara, Quechua, Atacameño, Kolla, Diaguita, Chango, Rapanui, Kawésqar, Yagan, Selknam, Romani eta gainerako herrien lurralde, politika, administrazio, hizkuntza eta kultura autodeterminazioa barne hartzen duen konstituzioa lortu behar dugu». Horren haritik, zehaztu du ezinbestekoa dela estatu nazionalaren administrazioan eta parlamentuan horien guztien parte hartzea bermatzea, «betiere ordezkaritza biztanle-kopuruaren araberakoa izanik». 

«Bide luze baten lehenengo urratsa izango da»
Txiletarrak argi du aurrerapauso haundia dela bidean datorrena, dena den, «aldaketarako bide luze baten urrats bat besterik ez baita izango».  Hori horrela, tinko heldu dio mezuari: «Prozesu eratzaile osoan etengabe borrokan eta parte hartzen jarraitzeko erantzukizuna dugu, Konstituzio demokratikoa, ordezkatzailea eta inklusiboa lortzeko. Eliteari mugak jarri eta gehiengo zapaldua ordezkatu behar dugu. Horretarako, apirilaren 11n, herritik bertatik atera diren konstituziogileen alde bozkatu behar dugu eta aktibo jarraitu irteerako azken plebiszitura arte». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!