Atzoko saio arrakastatsuaren ostean, Nøgenek bigarren saioa eskainiko du gaur arratsaldean

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 13a, 00:00

Biterin lehenengo kontzertua eskaini zuen atzo Nøgenek.

Otsaileko kultura-agendaren baitan, Donostiako musika talde ospetsuak bi kontzertu hitzartu zituen hilabete honetarako. Lehenengoa atzo izan zen eta, bigarrena, gaur izango da Biterin, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. 

Pasa den hilabetean aurkeztu zuen Hernaniko Udaleko Kultura Sailak Biteriko negu-udaberriko programazioa. Antzerkiak, emanaldiak eta beste hamaika ikuskizun antolatu dituzte eta, horren baitan, Nøgen musika taldearen kontzertua izango da gaur, Biterin, arratsaldeko 19:00etan. Atzo ere kontzertu bera izan zen kultur etxean, izan ere, lehenengo emanaldirako sarrerak salgai jarri zirenean, 20 minututan saldu ziren guztiak eta, beraz, bigarren saio bat egitea erabaki zen. Horretarako ere berehala saldu ziren sarrera guztiak eta, hortaz, gaurkoa atzokoa bezain arrakastatsua izatea espero da.


Atzoko emanaldian Biteriko areto nagusiko eserleku guztiak bete ziren. Egoera dela eta zutik egotea debekatuta dagoenez, eserita gozatu zuten ikuskizuna. Hala ere, maskarillekin bazen ere, bertaratu ziren guztiek Eider Saez abeslariarekin batera abestu zituzten kontzertuko abesti guztiak. 
Hernaniarrek zortea izan dute, taldeak betea baitu otsailerako agenda. Datorren kontzertua hilaren 25ean emango dute,  Zumarragan. Hurrengoa Madrilen izango da, otsailaren 27an. Horiek ere harrera ona izan dute, Zumarragakorako sarrera guztiak dagoeneko agortu dira eta.

'Under Alt' aurkeztuko dute
2016an sortu zen taldea eta ordutik hiru disko plazaratu ditu. Lehena Lys izan zen, 2017ko maiatzean eta ekainean grabatutakoa. Ondoren, 2018ko otsaila eta maiatza artean grabatu zuten Liv Til Døden eta, azkenik,  Under Alt kaleratu zuten, pasa den urtean. Gaurkoan, hain justu ere, azkeneko lan luze hori aurkeztuko du talde donostiarrak, Beste-Bat zirkuituaren baitan.


Jakitera eman dutenez, lan berria ez da aurrekoarekiko erabateko haustura. Dena den, lotura zuzenik ere ez du eta, beraz, ez da jarraipen zuzena ezta ere. Disko honetako abestietan melankolia kutsua mantendu badute ere, oraingo honetan pop-rock indartsuago baten aldeko apustua egin dute.  Hori horrela, esan daiteke jarraipenaren eta hausturaren arteko orekan dagoela gaur aurkeztuko duten lana. 


Bederatzi abestik osatzen dute  Under Alt diskoa: Euria, Erori arte, Zuek, Zeri begira hartu nahi duzu lo?, Alene, Mapa, Mila aldiz, Ihes eta Gelditu Dena. Horiek guztiak aurkeztuko dituzte gaurko saioan. Halaber, pasa den diskoetako abestiek oihartzuna izan dute eta aski ezagunak dira horietako asko Euskal Herrian eta baita beste hainbat lekutan ere. Ez Da Ondo Aterako kanta, esaterako,  Burgoseko La M.O.D.A. (La Maravillosa Orquesta del Alcohol) taldeko zenbait kiderekin egindakoa da eta arrakasta haundia izan zuen. Horrez gain, ezagunak dira, baita ere, Nora, Enarak eta Gertu, plazaratu dituzten beste lan askoren artean. 

Etzi, 'Musikarium'
Kultura-agendari emateko helburuz, Musikarium antzerki-musikatua izango da Biterin, arratsaldeko 18:00etan. Bost eta hamabi urte bitartekoentzako  emanaldia da eta sarrerak aldez aurretik eskuratu behar dira, 3 euroren truke,  Biterin bertan edo kultura.hernani.eus webgunean. 


Ikuskizun didaktikoa da, astelehenean eskainiko dutena. Haurrek modu didaktiko eta pedagogiko batean ezagutuko dituzte hainbat musika tresna, eta musikaren munduan murgilduko dira, bete-betean. 


Horren ostean, hilabeteko azken kultur ekintza K'laa zure kantua haur antzerkia izango da, hilaren 20an.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!