Inauteririk ezean, Mozorro Eguna ospatuko dute gaur Gaztelekuan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 12a, 00:00

Arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara gerturatu daitezke gazteak, eta superheroiz mozorrotuko dira. Opari bat ere zozketatuko dute.

Inauteririk ez da izango aurten, baina ez dute ospakizunik gabe geratu nahi izan, Hernaniko Gaztelekuan. Horregatik, Mozorro Eguna ospatuko dute, arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara; eta superheroiz mozorrotuko di­ra, hezitzaileak zein gazteak. «Horretarako, pentsatuko ditugu bakoitzak dauzkan indargune eta ezaugarri bereizgarrienak, eta horiek botere bihurtuko ditugu», aurreratu dute. Hezitzaileetako batek, esaterako, Super Nerea entzule izateko prestatu du mozorroa.

Gaztelekura gerturatzen diren gazteei, lagundu egingo diete horren inguruko hausnarketa egiten. Eta kasko inalambrikoak zozketatuko dituzte, mozorrotzen direnen artean: mozorrotuta joan daitezke, edota mozorroa bertan egin eta jantzi.

Helburua izango da, «umorearen eta dibertsioaren bitartez», tarte atsegin bat pasatzea, modu seguru batean. Izan ere, gogorarazi dute protokolo berezia ezarri dutela, Covid-19a dela eta. Aldi berean, 13 gazte egon ahal izango dira Gaztelekuan, ez gehiago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!