Osasungintzako profesionalen sufrimendu emozionala arintzeko, esperientzia berezia

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 12a, 00:00

Nausica Sánchez, Mireia Massagué, Iñigo Marquet eta Juan Carlos Irurzun, atzo, 'Osasun Leku' ekimenaren aurkezpenean.

'Osasun Leku' ekimena aurkeztu dute Chillida Lekuk eta Orona Fundazioak, osasun arloko profesionalei laguntzeko.

Elkarlanean aritu dira Chillida Leku museoa eta Orona Fundazioa, beste behin; eta osasungintzako profesionalengan jarri dute arreta, oraingoan: Osasun Leku ekimena aurkeztu zuten atzo, pandemiak eragin dizkien ondorioak eta sufrimendu emozionala arintzeko asmoz. Bera­iei bideratutako esperientzia be­rezia da proposatu dutena, eta doako sarrera izango dute osasun arloko langileek, asteburu honetan hasi eta ekainera bitartean. Nahi adina aldiz joateko aukera izango dute, gainera. Nahikoa izango dute osasungintzako langileen akreditazioa erakustea, museoko sarreran.

Chillida Lekun izango da hori, eta bertan aurkeztu zuten ekimena, Mireia Massagué museoko zuzendariak, Iñigo Marquet Orona Fundazioko garapen zuzendariak, Nausica Sánchez Chillida Lekuko Hezkuntza eta Ikerketako arduradunak, eta Juan Carlos Irurzun psikiatriako mediku espezialistak.

Massaguék eta Marquetek nabarmendu zutenez, «ongizatea» sortzen dute arteak eta kulturak, naturarekin uztartuta. Horregatik, «estres egoerak eta lan jardunaldi luze eta biziak jasaten ari direnei» zuzenduta dago Osasun Leku: «Covid-19ak eragindako osasun krisiak, neke fisiko eta mentala dakar, eta denboran luzatzen ari da. Horrek ziurgabetasun haundia eta segurtasunik eza eragiten ditu. Izan ere, osasun mentalean ondorio larriak dauzka, lo egin ezina, antsietatea, depresioa eta estresa areagotuz», azpimarratu dute. Horren aurrean, espero dute «esperientzia lagungarria» izatea museora bisita, «gu zaintzen gaituzten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko».

 

«Chillida Lekura etortzeak laguntzen du erritmoa moteldu eta lasaitzen»

Nausica Sánchezek, bere alde­tik, adierazi zuen «erritmoa moteldu eta lasaitzen» laguntzen duela Chillida Lekura bisita egiteak. Eta esperientzia berezi honen nondik norakoak azaldu zituen: «ibilaldi bat da Osasun Leku, 10 geldialdirekin. Museoko sa­rre­ran emango diegu koaderno bat, bisitan lagunduko diena». Ibil­bi­de horrek, eseri, eroso egon eta arnasketa ozeanikoa egitea proposatuko die aurrena, eta isi­lean oinez ibiltzea segidan. Ondoren, Eduardo Chillidaren zaz­pi obratara eramango ditu. Koadernoan aurkituko dituzte artistaren hitzak, baina obrei buruzko azalpenik ez diete emango: «gonbidatu nahi ditugu eskulturak bizi eta sentitzera».

Osasun Leku ekimenaren logoari buruz ere hitz egin zuen Sánchezek: «Eduardo Chillidaren grabatu bat da, eta aukeratu genuen bere izenagatik, Osasun. Baina konturatu ginen, bat da­torrela ekimenaren hel­bu­ru­a­rekin ere. Izan ere, osatzen la­gun­tzea da asmoa, eta grabatu ho­rrek irudikatzen du osatutako puzzle moduko bat».

Osasun arloko profesionalek jasoko duten koaderno hori lantzeko, elkarlanean aritu dira Chillida Lekuko Hezkuntza eta Ikerketa Saila, eta Juan Carlos Irurzun psikiatriako medikua. Irurzunek azaldu zuen, Chillidaren obra ezagutzeko aukera izan duela, eta ohartu dela bat egiten duela «transmititu nahi dugunarekin». Hiru oinarri nagusi aipatu zituen, proposatutako ibilbidearen ardatz: malgutasun psikologikoa, bizipen kontzientea, eta irekitasuna eta inplikazioa. «Osasun arloko langileek ere sufritzen dugu, eta hori arintzeko bide bat ematea da helburua. Malgutasun psikologikoa lantzea oso garrantzitsua da horretarako. Chillidak burnia flexionatzen bazuen, zergatik ez dugu lortuko malgutasun psikologikoa? Esperientziara irekitako jarrera bat hartzeko gaitasuna da hori», azaldu zuen. Eta gaineratu zuen: «arazoei aurre egiteko, hartzen dugun jarreretako bat izaten da insentsibilizatzea; eta hori normala da, baina neurri bateraino. Bestela, sufrimendua eragiten digu».

Horregatik, museora gerturatzera animatu zituen osasungintzako langile guztiak. Oraingoz, itxiera perimetrala dela eta, Hernanikoak bakarrik joan daitezke; baina espero dute laster Gipuzkoa eta Euskadi osokoek ere izatea bertaratzeko aukera.

Osasun Leku ez da izan Chillida Lekuk eta Orona Fundazioak elkarlanean abiatu duten aurreneko ekimena, orain beteko baitituzte bi urte, auzolan hitzarmena sinatu zutenetik. Eta ez da izango, pandemiaren eraginak arintzeko martxan jarri duten aurreneko ekimena ere. Oronak, Jakioro proiektuarekin, 220.000 tupper solidario prestatu zituen iaz. Eta Chillida Lekuk, ateak ireki zizkien hernaniarrei, itxiera perimetrala ezarri zenean, bertan paseatzeko au­kera izan zezaten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!