Emagunean parte hartzeko deia herritarrei, Amher elkarteak

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 11a, 00:00

Jatorri anitzeko emakumeentzako kulturarteko gunean parte hartzeko aukera dute herritarrek.

Amher SOS arrazakeriak eta Hernaniko Udaleko Berdintasun Arloak, Emagunean parte hartzera gonbidatu nahi izan ditu herritarrak. Jatorri anitzeko emakumeentzako kulturarteko gune honek, «ongizatea areagotzea du helburu nagusietako bat», eta Sorburu kooperatibak bideratutako egitasmo bat da.

Emagunean parte hartzeko aukera ugari dago, antolatzaileek azaldu dute modu askotara har daitekeela parte, besteak beste, «emozioak elkarbanatuz; kultura ezberdinen artean elkarbanatuz eta ezagutuz; zure eskubideak ezagutuz, ekimen, erakunde eta baliabideen inguruan informatuz; dantza, ariketa fisikoa, meditazioa eta abarren bidez landuz gorputza...».

Otsailaren 18tik, uztailaren 15era bitartean izango dira solasaldiak. Ostegunero burutuko dira, eta 16:30etan emango zaie hasiera, Biterin. Antolatzaileek argi utzi dute irekia eta malgua dela, hau da, «behar eta ahal dugunean parte hartzeko aukera dago».

Haurrak dituztenentzat berriz, haurren zaintza zerbitzua ere eskainiko da, eta doakoa izango da.

Izena emateko, hainbat bide

Emagunean apuntatzeko, hiru bide daude. Emailez eman daiteke izena, kulturartekotasuna@hernani.eus helbidera idatziz, 943 33 70 17 edo 670 006 414 telefonoetara deituz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!