Balkoiak kolorez apaintzeko deia luzatu du Kaxko Elkarteak, inauteriak ospatuko ez diren honetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 10a, 00:00

Balkoiak inauterietako apaingarriz betetzeko deia egin die herritarrei, Kaxkok.

Bizi dugun pandemiak hainbat festa eta emanaldi bertan behera gelditzea ekarri du, eta horixe bera gertatu da, inauteriekin. Hala ere, Kaxko Elkarteak, balkoiak apaintzeko deia luzatu nahi izan die herritarrei. 

Bihar ezingo da ospatu ostegun gizena, ezta etziko ostiral mehea, ez baitago urte honetan inauteriak ospatzerik. 
Ia urte bete pasa da, Covid-19a herritarron bizitzan sartu zenetik, orduz geroztik, hainbat neurri ezarri dira, eta ekitaldi zein festa mordoa gelditu dira bertan behera. 
Bihar, Urumea bailaran hain maiteak diren inauterien asteari emango zitzaion hasiera, ostegun gizenarekin, baina egoerak hala behartuta, bertan behera gelditu dira, aurtengo inauteriak. 
Herrian, ez denez kolorerik egongo, Kaxko elkarteak proposamen bat luzatu nahi izan du, «bete ditzagun Kaxkoko balkoiak kolorez, jantzi ditzagun balkoiak eta eman diezaiogun bizia gure alde zaharrari. Kaleak behar du, eta guk ere behar dugu. Nahiko grisa dago egoera, nahiko itzalita daude kaleak, eta inauteriak diren honetan, balkoiak apainduz gero, kaleak kolorea hartuko dute, eta behar bada aspaldiko partez jendearen irribarreetan islatuko da».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!