'El juicio de Burgos, un documento para la Memoria' libururako oinarrizkoa, Jesus Mari Olano Fondoa

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 9a, 00:00

Erein argitaletxeak argitaratu berri du El juicio de Burgos, un documento para la Memoria, eta lan hau osatzeko, Jesus Mari Olano Fondoa baliatu du, Izura elkarteak kudeatzen duena.

El juicio de Burgos, un documento para la Memoria liburua argitaratu berri du Erein argitaletxeak, Burgosko Prozesuaren 50garren urteurrena bete den honetan, hain justu. Liburu honetan kontatzen da, Burgosen egin zen «hamasei euskal gazteren aurkako 31/69 Gerra Goreneko Kontseilua, ETAren zuzendaritza osatzea eta Melitón Manzanas Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialeko komisario burua hiltzea egotzita».

Jesus Mari Olano Fondoa, iturri gisa 

Lan honen oinarrian dago, prozesuan parte hartu zutenen ahotsak biltzen dituen USB memoria bat. Grabazio hauei esker, «Auzitegiko presidentearen, fiskalaren, akusatuaren eta haien abokatuen hitzak transkribitu ahal izan dira». Hauek guztiak Jesus Mari Olano Fondokoak dira, 2019ko maiatzean Hernanin aurkeztutakoa hain zuzen.

Artxibo horrek, 60-70eko hamarkadako kulturaren eta gizartearen eta politikaren arloko dokumentazio eta soinu-erregistro ugari biltzen ditu, eta Hernaniko Izura Kultura Elkarteak kudeatzen du gaur egun, «antolatu, digitalizatu, kataloga­tu eta zabaltzeko asmoarekin». Joxean Goikoetxea hernaniarra da elkarte horretako buru: 1/4ko audio bobinak digitalizatzeaz arduratu da Aztarna estudioan, «lan arretatsu eta korapilatsu batean, urte horietan galdu duten kalitatea, bai eta egin ziren baldintzak kontutan hartuta, Auzitegiaren baimenik gabe».  Grabazio hauek, 1978ko lehen edizioan Txertoa argitaletxeak egindako transkripzioetarako ere erabili ziren.

Izura Kultura Elkarteak, aurrera jarraitzen du bere ekimen pribatuetatik, Hernanin entzuna izeneko artxiboa sortzeko duen «interes eta lanarekin, gure ondare artistiko eta soziokulturalaren hainbat euskarri eta kanalen bidez hedatzeko proiektua du helburu; hala nola, atari digitala, hitzaldiak, unitate didaktikoak...».

Jesus Mari Olano Fondoaren kasuan bezala, bildutako material garrantzitsuari, iristen ari diren beste batzuk gehitzen ari zaizkio, «Munduate-Iruretagoiena familiak dohaintzan eman berri duen Juan Jose Iruretagoiena Fondoa», hain justu. Bertan, Udal Musika Akademiako eta Hernaniko Udal Bandako zuzendari izandakoaren materiala jasotzen da batik bat.

Burgosko epaiketari buruz

Gobernu frankistak «epaiketa zentzagarri izango den kondena batekin ebaztea proiektatu zuen, eta bide batez, euskal matxinadaren likidazioa irudikatzea; eta horretarako, aldez aurretik publizitate haundia egin zuen. Epaiak, guztira, esaktzen zituen bederatzi heriotza-zigor eta 519 urteko espetxealdia, baina protestek, ikasleek eta langileek Euskadin eta Estatu mailan egindako grebek, mobilizazioekin eta nazioarteko presioarekin batera, exekuzioak eragotzi zituzten, espetxealdi-urteekin ordezkatuz. Liburu hau argitaratzeak gerora gertatu ziren eta garena izatea eragin duten gertaeren zergatia ulertzeko ezinbesteko gertakizun horietako bat ekarri nahi izan du gogora. Gure iragan berrienaren oroimena bizirik mantendu nahi duen dokumentua», azaldu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!