Jauregi jatetxea prest apustuak jasotzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 9a, 00:00

Jauregiko azken apustua.

«Zalduak gure belardia aukeratuz gero, baldintza ezin hobean egongo dela ziurtatu dezaket» dio Ramon Etxeberriak. 

Jauregi jatetxeko belardia sega munduan dagoen famatuenetakoa da, famatuena ez esatearren, eta Ramon Etxeberria nagusia prest dago segalariei uzteko apustuak jokatzeko. «Guri eguna esaten badigute, belardia zaindu eta egoera ezin hobean aurkituko dute». Jatetxea gertu dago zaleentzat, aparkatzeko arazorik ez eta paraje ederrean, Jauregik baldintza egokienak ditu kirol ekitaldiak jasotzeko. 
Bestalde, Julen Gabirondo segalari urnietarrak eta Xabier Zaldua aizkolariak apustua hitzartu zuten pasa den abenduan Landetako Mendizabal erretegian. Aizkoran eta segan ariko dira nor baino nor bi kirolariak datorren ekainaren 26an, 17:30ean hasita. Apustua non jokatuko duten ez zuten zehaztu. Zalduari dagokio belardia aukeratzea­, baina Gabirondok mahai gainean Jauregiren izena plazaratu zuen aukera bezala. 
Ramon Etxeberriak dio prest dagoela apustua bertan egiteko. «Zalduak gure belardia aukeratzen badu baldintza ezin hobean aurkituko dute belardia».
Mota honetako azken apustua, Basozabal eta Larraren artekoa bertan jokatu zen eta jendearen erantzuna oso ona izan zen eta belardiaren baldintzak oso-oso egokiak izan ziren. Gainera jatetxea bertan izatea eskertu zuten bildutakoek.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!