'Paolla' eta 'Basozabal'en finalerdia bi aste atzeratu da

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 9a, 00:00

Bikote sendoa osatzen dute 'Paolla' eta 'Basozabal'-ek

Urrezko Aizkolarien Binakako txapelketa martxan da eta bertan bikote hernaniar-donostiarra dago sailkaturik finalerdietara. Suharri Rodríguez Paolla hernaniarrak eta Jokin Urretabizkaia Basozabal donostiarrak kanporaketa bikainak jokatu zituzten eta finalerdietara sailkatu ziren.
Bigarren finalerdian zeuden kokatuta eta datorren asteburuan zen jokatzekoa, baina atzeratu egin da datorren otsailaren 28ra arte. Beraz, egun horretan jardungo dira bi aizkolariak Leitzan, Amazabal frontoian. Hiru bikote ariko dira finalerdi bakoitzean eta bakarra sailkatuko da martxoaren 14an, Azpeitiko Izarraitz frontoian, jokatuko den finalera. Aurkariak Xabier Zaldua-Elorriaga II eta López Azpilikueta-Resano izango dira. Bikote sendoak eta goiko puntan ibilitakoak dira, batez ere López Azpilikueta. 

Soroa eta Amondarain aurreneko finalistak
Lehenengo bikote finalista pasa den asteburuan ezagutu da. Beasainen antolatutako lehenengo finalerdian Txomin Amundarain eta Ibai Soroak lortu zuten txartela Azpeitirako. Oier-Xuban Kañamares eta Txapartegi-Kepa Peñagarikano bikoteak gainditu zituzten. Egin beharreko lau lanetan borroka estua izan zuten Kañamarestarrekin eta 27 segundugatik nagusitu ziren.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!