Sergio Romanek oraingoan bai lortu du Euskadiko errekorra 800 metrotan M45 mailan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 9a, 00:00

Sergio Roman asteburuko lasterketan. Argazki: fotodeless

Orain aste batzuk gertu geratu zen, baina asteburuan 2:05:74eko denborarekin bere markarik onena ere egin zuen Donostiako Antonio Elorza belodromoan. Datorren asteburuan 1.500 metrotakoa egiten saiatuko da.

Azken bolada honetan Sergio Roman lasterkaria 800 metro eta 1.500 metrotako lasterketen Euskadiko errekorren bila dabil pista estalian, M45 mailan, eta pasa den larunbatean bere lehenengo helburua lortu zuen. Antonio Elorza belodromoan, Donostian, 800 metrotan lortu zuen Euskadiko marka. 2:05:74eko markarekin orain aste batzuetako arantza atera zuen, ehuneneko gutxira geratu eta gero. Jon Etxeberriaren errekorra beraz apurtu du hernaniarrak.

Hala ere, bere helburu nagusia Cesar Perezen 1.500ekoa lortzea da eta horren aukera asteburu honetan izango du. Donostiako belodromoan marken kontrolak egiten ari dira astebururo eta larunbatean du berriz ere saiakera, orain 10 egun 4:10:77ko denborarekin, segundo bat eta 82 ehunenekoaren faltan gelditu eta gero. Beraz apurtu beharreko langa 4:08:96 da.

Sergio Roman oso pozik agertu zen lorturiko denborarekin eta datorren asteko lasterketari begira indarrak batu ditu. 

Ez zen belodromoan aritu zen lasterkari hernaniar bakarra. CD Hernanirekin 3.000 metro mutiletan parte hartu zuten Xabier Lesma eta Antxon Korta. Lesmak bere seriea irabazi zuen 9:19:32ko denborarekin eta Antxon Kortak 10 minutu eta 12 segundutan gelditu zuen erlojua. 

200 metro nesketan Arixen Unanue aritu zen lasterka eta 28 segundu eta 56 ehuneneko denbora egin zuen finalerdietako seriean.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!