Garaipen oso garrantzitsua lortu zuen Hernanik Zubipen, putzuek gogortutako partiduan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 9a, 00:00

Cesiak lortu zuen garaipenaren gola hernaniarrentzat, euriak eta putzuek markatu zuten partiduan.

3-2 nagusitu zitzaion talde berdea Aurrera de Vitoriari, Euskal Ligan. Euri zaparradek eragin haundia izan zuten, eta luze jokatzera behartu zituen hernaniarrak. Jubenilen Liga Nazionalean, 2-2 berdindu zuen Hernanik, Amorebietan.

Oso garaipen garrantzitsua lortu zuen Hernanik, larunbatean, Euskal Ligan: 3-2 nagusitu zitza­ion Aurrera de Vitoria B taldeari, euriak eta putzuek asko gogortu zuten partiduan.

Beharrezkoa zuten berdeek, hiru puntuak Zubipen geratzea, aurkari zuzen baten aurrean. Eta hala egin zuten, hasieratik partidua zaildu zitzaien arren. Izan ere, hasierako planteamendua aldatu behar izan zuten berehala, putzuek ez zutelako aukerarik ematen motzean jokatzeko, eta pase luzeekin aritu beharko zutelako. Baina bereziki, hasi eta berehala jasotako golak eragin zion taldeari. Ez ziren guztiz ondo zelairatu hernaniarrak, eta gaizki urrundutako baloia aprobetxatu zuten arabarrek, aurreneko gola egiteko. Edonola ere, jokoz kanpo zegoen golegilea, baina epaileak ez zuen hala adierazi, eta 0-1 aurreratu zen talde arabarra.

Hori gutxi ez, eta penaltia ere egin zuen Hernanik, baina gelditu egin zuen Maialen ate­zainak. Eta hortik gutxira, ordu erdia bete zenean, berdinketa lortu zuen Hernanik, Lizasoren eskutik: Enirek pase ederra egin zion ezkerreko bandatik, eta bikain asmatu zuen aurrelariak, atezainaren kontra.

Partidua berdinduta, hobera egin zuten berdeek, eta sentsazio onekin egin zuten aldageletarako bidea. Bigarren zatirako, formazio taktikoa aldatu zuten, gehiegi ez arriskatzeko asmoz, baina garaipena bilatzeko. Eta baita gola lortu ere, bigarren zatia hasi eta gutxira, berriro ere Lizasok: area ertzean jasotako pasea bikain bideratu, eta jaurtiketa ederra egin zuen, atezaina goitik gainditzeko.

Pozak ez zien luzaroan iraun hernaniarrei, 20 minuturen faltan berdindu baitzuen Aurrerak, area ertzetik egindako jaurtiketa batekin. Baina kolpeari beste kolpe batekin erantzuten jakin zuten berdeek, azkar asko gainera: gola jaso eta bi minutura, kontraeraso batean lortu zuen 3-2koa Cesiak, zelairatu eta gutxira. Pase luze bat aprobetxatu zuen, bere abiadura baliatuta atezainaren aurrean bakarrik geratzeko, eta bikain borobildu zuen jokaldia.

Horrekin, garaipena eskuratu zuen Hernanik, eta azkenaurreko postuan jarraitzen duen arren, urruti dauka Lakua azkena, eta oso gertu aurreko hiru taldeak: Aurrera bera eta Goierri Gorri puntu bakarrera, eta Elorrio bi puntura. Datorren asteburuan, hain justu, Elorrion arituko dira berdeak, eta irabaziz gero, laugarren postura igoko dira, atseden hartuko baitute beste bi taldeek.

«Partidu gogorra izan zen, baina garaipena lortu genuen, bai edo bai irabazi beharreko partiduan. Denboraldia bukatu bitartean, hori izango da gure helburua: kontrario zuzenei irabaztea, behintzat», azaldu du Leire Olasagasti kapitainak.

Partiduko argazkien albuma osatu du Kronikak, eta jokaldi onenen bideoa ere egin du CD Hernanik. Biak daude ikusgai, www.kronika.eus web orrian, albiste honekin batera.


Mutil jubenilek berdinketa, Amorebietaren zelaian

Liga Nazionaleko mutil jubenilek, berriz, Amorebietan jokatu zuten partidua, Txolon zelaian; eta berdinketa lortu zuten, Amo­rebieta kontrario zuzenaren aurrean (2-2). Hernaniarrak au­rretik izan ziren markagailuan, baina ezin izan zioten eutsi azkenean, eta puntu bakarrarekin bueltatu ziren. Jonan eta Oyarbide izan ziren golegileak, berdeen aldetik.

Lortutako puntuarekin, sailkapeneko azkeneko postuan jarraitzen dute berdeek, bi punturekin. Tolosaren kontra izango dute aukera, datorren asteburuan, estreinako garaipena lortzeko. Zubipen ariko dira, larunbatean 16:30etan.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!