Goiz Eguzkiko berdeguneak berritu, eta errespetua eskatu du Udalak

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 8a, 00:00
Hernaniko udal langileak, Goiz Eguzki egoitzako berdeguneetan berritze lanak egiten. Argazkia: Hernaniko Udala

Lore eta landareak berritu ditu egun hauetan, eta gogorarazi du, debekatuta dagoela parkean txakurrak aske ibili eta berdeguneetara sartzea.

Goiz Eguzki jubilatuen egoitzako belardietan aritu dira lanean, aurreko egunetan, Hernaniko udal langileak. Parkeko landareak eta loreak berritu dituzte, Udalak eta Goiz Eguzkiko arduradunek adostu bezala.

Izan ere, elkarrekin landu zuten parkearen txukunketa, Udalak eta Goiz Eguzkik; eta erabaki zuten egoera txarrean zeuden landareak berritzea. «Toki lasaia da herriko erdiguneko txoko hau, eta adineko ugari gerturatzen dira parke honetara, atseden hartzera», nabarmendu du Udalak. Eta adierazi du, bertako «ezaugarri bereziena» dela, Ginkgo biloba zuhaitz haundi bat dagoela bertan, eta horren gerizpean elkartzen direla herritar ugari, udan.

Zentzu horretan, azaldu du horretarako ari direla txukunketa lanetan: «udaberriari begira, eremu hau atseginagoa izateko, hain zuzen ere, aritu gara landaketak egiten». Eta horregatik, bereziki aukeratu dituzte «itzalean egoteko egokiak» diren landareak, eta «hosto iraunkorra duten eta udaberrian loratzen diren espezieak».

Herriko parke eta belardietan, errespetuz jokatzeko eskaera

Baina Goiz Eguzkiko parkeko lore eta landareak berritu ez ezik, mezu bat ere helarazi nahi izan die Hernaniko Udalak herritarrei: herriko parke eta berdeguneetan errespetuz jokatu dezatela.

Eta Goiz Eguzkiko parkeari dagokionez, zehazki, gogorarazi du debekatuta dagoela txaku­rrak bertan aske ibiltzea, eta ber­deguneetara sartzea. Izan ere, kezka erakutsi du Udalak, parke horretan gertatzen denarekin: debekuak debeku, txakurrak aske uzten dituzte bertan, eta landareak zapaldu eta hondatzen dituzte. Aditzera eman du, udaltzainak maiz pasatzen direla bertatik, baina ezinezkoa dela egun osoan kontolatuta izatea eremua. Horren aurrean, txakurren jabeei eskatu diete errespetuz jokatu eta txakurrak lotuta eramatea, eta ez uztea Goiz Eguzkiko parkeko berdeguneetan sartzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!