Beinat Aginagalde preso hernaniarra gerturatuko dute, Dueñasko espetxera

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 8a, 00:00

Beste bost euskal preso gerturatzea erabaki du Espetxeetako Zuzendaritzak, eta horietako bat da hernaniarra. Jaendik Palentziara mugituko du.

Euskal presoak gerturatzeko bidean, beste pauso bat iragarri du Espainiako Espetxeetako Zuzendaritzak, egun hauetan. Beste bost preso gerturatuko ditu, eta horietako bat da Beinat Aginagalde preso hernaniarra.

Zehazki, Jaengo (Andaluzia) es­petxea utziko du Aginagaldek, eta Palentziara mu­gituko dute, Dueñasko espetxera (Gaztela eta Leon). Horrela, Hernanitik 760 kilometro ingurura egotetik, 300 kilometro ingurura egotera pasako da, aldaketarekin.

2015ean ezarri zioten 32 urteko kartzela zigorra Aginagalderi, 2008ko martxoan Isaias Carrasco Arrasateko PSE-EEko zinegotzia erailtzea leporatuta. 2014an, proba faltagatik absolbitu zuen Auzitegi Gorenak, baina epaiketa errepikatzea erabaki zuen, akusazioaren lekukotza bat arrazoirik gabe atzera bota zelako; eta errudun deklaratu zuen orduan. 2017 urtean, berriz, 44 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, Inazio Uria enpresariaren erailketan parte hartzea leporatuta.

Aginagalderekin batera, beste lau preso gerturatuko dituzte: Iñaki Ara­kama, Iñaki Armendariz eta Roberto Lebrero, Arabako Zaballako espetxera; eta Jose Ma­­ria Novoa, Leongora.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!