Gazte bat atxilotuta Hernanin, adineko emakume bati etxeko igogailuan lapurtzeagatik

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 7a, 00:00

Asteazkenean gertatu zen lapurreta, etxe batean; eta ostegunean atxilotu zuten egilea, Antziolan. Beste hiru delitu ere leporatu dizkiote.

Gazte bat atxilotu zuten Hernanin, ostegunean, indakeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Bezperan izan zen lapurreta, asteazkenean, herriguneko etxebizitza batean: adineko ema­ku­me bat igogailuan zegoela, gaz­tea hurbildu egin zitzaion, lepokoa lapurtu zion indarrez, eta ihes egin zuen.

Salaketa jasota, eta emandako informazioa baliatuz, ustezko lapurreta identifikatu zuen Ertzaintzak, eta dispositibo bat jarri zuen martxan, egilea aurkitzeko. Antziola auzoan aurkitu zuten ertzainek, eta atxilotuta, ertzain etxera eraman zuten, polizia-eginbideak hasteko, Ertzaintzak jakinarazi duenez.

Beste hiru deliturengatik ere ikertuko dute egilea

Behin ustezko lapurra Ertzaintzaren egoitzan zegoela, agenteak konturatu ziren gazteak motxilan zeramazkiela hainbat gauza, beste hiru deliturekin erlazionatuta daudenak: hiru autotan egindako lapurretekin, hain zuzen ere. Hori horrela, delitu horiengatik ere ikertuko dute gaztea.

Polizia-eginbideak bukatuta, Donostiako Guardiako Epaitegira eraman zuten atxilotua, jakinarazi dutenez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!