Argazkilaritza ikastaro aurreratua hasiko da martxoan, eta bihartik eman daiteke izena

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 7a, 00:00

Hernaniko Udalak antolatuta, astelehenetan eskainiko dute, 19:00etatik 21:00etara Biterin. Izena eman daiteke Biterin bertan edo online.

Argazkilaritza digitalari buruz, ikastaro aurreratua antolatu du Hernaniko Udalak: martxoaren 1ean hasi, eta ekainaren 14an bukatuko da. Bihar zabalduko dute epea, ikastaroan izena emateko; eta otsailaren 20ra arte izango da aukera: Biterin, edo online web.hernani.eus/kultura webgunean. Plaza kopurua baino jende gehiago apuntatuz gero, zozketa egingo dute otsailaren 22an. 80,76 eurokoa da pre­zioa, hernaniarrentzat.

Saioak, astelehen iluntzean

Biteri kultur etxean bertan eskainiko dute ikastaroa, eta astelehenero izango da, iluntzeko 19:00etatik 21:00etara. Gainera, hiru saio praktiko ere egingo dituzte, hiru larunbatetan. Hortaz, guztira 15 saio izango dira astelehenetan, eta beste hiru saio larunbatetan.

Jakinarazi dutenez, ikastaro honek segida emango dio argazkilaritza digitalaren hastapen ikastaroari, eta bertan landuko dituzte, besteak beste, erretratua, paisaia, eta gaueko eta kaleko argazkilaritza.

Hori horrela, ikastaroan parte hartzeko, beharrezkoa izango da aurretik hastapen ikastaroa egin izana; edo bestela, argazkilaritza digitalaren gutxieneko ezagutza izatea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!