Zaintza langileen eskubideak, hizpide

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 6a, 00:00

Zaintza eta etxez etxeko lan esparruan jorratzen diren lan harremanei buruzko hitzaldia antolatu da gaur, arratsaldeko 17:00etan, Biterin.

Gaur arratsaldeko 17:00etarako, zaintza eta etxez etxeko lan esparruan jorratzen diren lan harremanei buruzko hitzaldi-eztabaida antolatu du IRAULI Buruntzaldeako Langile Prekarioen Sareak eta AMHER Stop Arrazakeria taldeak.

Biterin izango da hitzaldia eta aipatu moduan, eztabaidarako aukera ere egongo da.  «Azken urteotan, besteak beste, euskal gizartearen zahartze joeraren ondorioz, handitu da zaintza eta etxez etxeko lanbidea. Bereziki prekarizatua dagoen sektore horretako langile ia denak emakumeak dira, batez ere migranteak. Horrexegatik batu dira ekimen honetan IRAULI Langile prekarioen sarea, AMHER arrazakeriaren aurkako taldea eta MAITELAN emakumeek osatzen duten zaintza eta garbiketa kooperatiba.  Langile horien zaurgarritasun egoeraz baliatu eta ugazabek lan baldintza kaskarrenetan izan ohi dituzte sarritan. Lan esparru horretan ematen diren lan harremanak, dagozkien lan eskubideak, ohiko egoera eta gatazkak eta bereziki eduki ditzaketen aukerak eta aldarrikapenak izango dira hitzaldi ireki honetan eztabaidatuko direnak».

 

Hitzaldira bertaratzeko, aldez aurretik «abisatu»

Covid19agatiko segurtasun neurriak betetze aldera, izen ematea mugatua izango da. Antolazaileek azaldu dute, sektoreko langileei zuzendutako hitzaldia egitea dela haien helburu nagusia, «baina edonor izango da ongi etorria».

Hori horrela,  bertaratu nahiko lukeen orok AMHERekin jarri beharko da harremanetan 943 33 60 71 telefonora deituz,  667 71 09 28 mugikor zenbakira deituz edo,  amher-sos_racismo@hotmail.com helbide elektronikora idatzita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!