Boleibola

Datorren asteburuan bi jardunaldi, Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 6a, 00:00

Navarmutilak zuen aurkari asteburu honetan, baina aurreratu egin zutenez, atsedena izango du Lizarazuren taldeak. 

Ezohiko asteburuak ari dira izaten Eusebio Lizarazuren taldearentzat. Pasa den jardunaldian Laredoren aurka zuten jokatzekoa, baina bertan behera gelditu zen, Kantabriako araudiak bidaiatzea debekatuta. Hala ere, erritmoa ez galtzeko asmotan, igande goizean entrenamendua egin zuten kiroldegian. «Pista libre zegoenez, entrenatzeko aukera bikaina dugu», esan zuen entrenatzaileak. Halaber, asteburu honetako jardunaldian Navarmutilaken aurka neurtu behar zituzten indarrak. Dena den, partidu hori aurreratu egin zuten eta markagailuak hernaniarren alde egin zuen, 0-3 amaitu baitzuten. Hori horrela, ez gaur ez bihar ez dute norgehiagokarik izango. 

Bi jardunaldi jarraian, datorren asteburuan

Orain arte jaun eta jabe izan dira pistan eta, beraz, merezitako atsedenaldia izango dute hernaniarrek asteburu honetan. Datorren asteburuan indartsu bueltatuko dira lehiaketara, bi jardunaldi jokatuko baitituzte asteburu bakarrean. Larunbatean etxean izango dute norgehiagoka, Navarmutilak-en aurka. Arratsaldeko 16:00etan izango dute partidua, kiroldegiko pistan. 

Norgehiagoka garrantzitsua, hilaren 14an

Bestalde, igandean Navarvolei taldea izango du aurkari Hernanik, orain liderra dena. Partidu hori «oso borrokatua» izatea espero dutela adierazi du Eusebio Lizarazu entrenatzaileak. «Izan ere, Navarvolei iaz eta aurten ere Liga irabazteko faboritoa da». Gainera, hernaniarrek irabaziz gero, aukera haundiak izango dituzte txapelketako bigarren postua eskuratzeko. Lehen itzulian 3-2 galdu zuten hernaniarrek Iruñean eta, hortaz, datorren asteburuan garaipenerako gosearekin irtengo dira pistara. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!