Epaiketa

Epaiaren zain geratu da hernaniarren auzia

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 5a, 00:00

Kontrakantxak babesa eta elkartasuna adierazi die asteartean epaitu zituzten bi gazteei eta argi esan dute: «okupazioa ez da delitua».

Asteartean epaitu zituzten bi hernaniar, 2017an Jauregiko Hego Haizea etxea okupatzeagatik. Epaiketa amaitu ostean, Hernaniko Kontrakantxak hainbat adierazpen egin zituen sare sozialetan. Haien esanetan, «akusazio partikularrak usurpazioa, ebasketa eta kalte delituak egozten segitzen du, fiskalak ez bezala». Bestalde, helarazi zuten defentsa absoluzioan «berretsi» zela. Horrez gain, argitaratutako txio batean esan zuten epaiketan zehar, akusazioak «gezurrak» erabili zituela.

Halaber, auzipetuek eta hainbat testiguek ere deklarazioak egin zituzten eta Kontrakantxak adierazi zuenez, «etxearen abandonua, bortizkeriarik gabe sartu izana eta etxea bera bizitzeko moduan berregokitzeko borondate zintzoa frogatu dituzte». Hori horrela izanik, epaiaren zain geratu da auzia.

 

Babesa eta elkartasuna, auzipetuei

Kontrakantxak elkartasuna a­dierazi die asteartean epaitu zituzten bi gazteei. Epaiketa izango zela jakin zutenetik hainbat agerraldi eta manifestazio antolatu dituzte, eta prozesu osoan zehar erreibindikatu dute «okupazioa ez dela delitua». Horrekin batera,  eskerrak eman dizkie prozesuak iraun bitartean babesa eman duten herritar guztiei. «Langileriaren bizi baldintzak bermatzeko tresnak defendatzen jarraituko dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!