Martxan da merkatarien plataforma digitala

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 5a, 00:00

Asteazkenean aurkeztu zuten 'Hernaniko Plaza' plataforma digitala, eta merkatari guztiei zuzenduta dagoela argi utzi zuten.

Asteazkenean aurkeztu zuten Hernaniko denden erakusleiho digitala Hernaniko Udalak eta Berriak Merkatarien eta Ostalarien elkarteak. Hernanin.eus da webgunea, eta argi utzi dute ez dela erosketak egiteko plataforma bat,  dendari eta herritarren harremana sustatzeko erakusleiho digital bat baizik. 

Hernaniko denden erakusleiho digitala jarri dute martxan, Hernaniko Plaza lelopean. Hernaniko Udalak, Berriak Merkatarien eta Ostalarien elkartearekin elkarlanean sortutako proiektu bat izan da. 

Hainbat erronka ditu Hernaniko Plaza erakusleiho digitalak. Lehenik, denden eskaintzak ezagutaraztea eta herritarrengana heltzea. Bigarrenik, erosketa ohiturak aldatzea eta online formatuari garrantzia ematea; eta hirugarrenik, pandemiak eragindako egoera honetara moldatzea. Plataforma honekin, herriko dendek txoko bat dute eta bertan arduradunaren argazkia, dendaren kokapena, negozioaren sare sozialak eta deskripzio bat azaltzen dira. Horrez gain, dendari bakoitzak nahi dituen produktuak ere erakutsi ditzake bertan, baita harekin kontaktuan jartzeko moduak ere. 

Webgunea Hernanin.eus da, bertan denda eta saltoki bakoitzak eskaintzen dituen zerbitzuak zein produktuak igotzeko aukera daukate, argazkiak, eta informazioa, besteak beste. Salmenta ez da webgunean egiten; hori bai, saltzailearekin harremanetan jarri eta enkargatzeko aukera dago, «denda bakoitzaren arabera». Udalak eta Berriak Elkarteak argi utzi dute, webgunea ez dela erosketak egiteko, «bezeroaren eta saltzailearen arteko harremana sustatzeko eta estutzeko da». Oraingoz, 80 bat merkatarik eman dute izena, hala nola, arropa dendak, kirol dendak, botikak... 

Herritarrek dendak ezagutzea eta bertako produktuen berri jakitea da asmoa. Eta hortaz gain, «Hernanin aukera anitza daukagula jakitea. Ez baitakigu zenbat denda eta saltoki dauden gure herrian».

«Ez da online erosketak egiteko plataforma bat»
Aipatu moduan, Hernaniko Plaza erakusleiho bat da, «ez da online erosteko plataforma bat», argitu du Tokiko Garapeneko zinegotziak. Marta Zulaika Berriak elkarteko ordezkariak erantsi duenez, «jende askok ez ditu herriko dendak ezagutzen, eta honekin hori sustatu nahi dugu, jendeak jakitea zer eskaintza dagoen».

Halaber, dendariek gazteak dituzte jomugan: «gazteak, oro har, ez dira hurbiltzen dendetara. Nahi dute aurretik jakin zer dagoen eta, interesatzen bazaie, etortzen dira erostera».

Hernaniko Plazaren asmoa dinamikoa da eta datozen hilabeteotan dendari gehiagok parte hartzeko kanpainak egingo ditu Udalak eta Berriak elkarteak. 

«Gazteak ez dira hurbiltzen dendetara, nahi dute aurretik jakin zer dagoen eta interesatzen bazaie, etortzen dira»


Etxera eramateko zerbitzua

Etxera eramateko zerbitzu bat ere eskainiko du Hernaniko Plazak, «ezin da plataforman erosi, baina dendan erosiz gero, edo telefonoz enkargatuz gero, etxera eramateko zerbitzua eskainiko da». Hala ere, azaldu dute, datorren astean emango dela honen berri.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!