Harrera Bulego Integrala sortu nahi du Udalak, aurten

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 4a, 00:00

25 bat herritar bertaratu ziren, Harrera Protokolo berriaren aurkezpenera.

Harrera Protokolo berria aurkeztu zuen asteartean, eta hori izango da planaren oinarrietako bat.

Asteartean aurkeztu zuen, Hernaniko Udaleko kulturartekotasun sailak, Harrera Protokolo berriaren proposamena. Eta ho­rretan, hainbat berrikuntza aurreikusi dituzte, arlo ezberdinetan, etorri berrien harrera hobetzeko asmoz. Aurten jarri nahi dituzte horietako batzuk; besteak beste, Harrera Bulego Integralaren sorrera, pla­na­ren oinarrietako bat izango dena.

Lau oinarri izango ditu Harrera Plan berriak: pertsonen oi­narrizko eskubideak bermatzea; etorri berriek herrian bizitza aktiboa izatea eta inklusioa sustatzea; jatorri eta kultur aniztasuna bultzatzea, elkar ezagutza bi norabideetan emanez; eta erroldatik haragoko eskuhartzea.

Bide horretan, udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan emango da aurreneko kontaktua etorri berriekin, eta arreta hori indartu nahi dute: errolda momenturako protokolo zehatz bat martxan jarri, Baliabideen Gida bat eman, Harrera Bulego Integralerako hitzordua eskaini, eta Ongi Etorri saiorako gonbidapena luzatu.

Harrera Bulego Integralean, «ahalik eta modu pertsonalizatuenean» eskainiko zaio arreta etorri berriari, eta erroldatuta ez daudenei ere zerbitzua emateko aukera aurreikusi dute, Kulturartekotasun Sailetik bideratuta. Ongi Etorri saioa, berriz, sinbolikoa izango da: «azken aldian herrira etorri direnei harrera herritarra». Lehenago ere egin izan da, modu batera edo bestera, baina hori indartu nahi dute: herriko talde eta eragileen aurkezpena egin, herriko ezaugarri, ohitura eta gune esanguratsuenak ezagutarazi...

Amherrek eta Udalak osatutako talde eragilea, erdigunean

Harrera Bulego Integralaren sorrera izango da 2021eko erronketako bat, baina gehiago ere jarri dituzte mahai gainean: Baliabideen Gida sortzea, aholkularitza juridikoa eskaintzea, Kulturarteko Plaza Feminista, errolda momenturako protokoloa, jatorri anitzetako emakumeentzat kulturarteko gunea...

Eta data zehatzik gabe, lan lerroen artean markatu dituzte beste hainbat ere: 12-16 urteko etorri berrientzat euskera errefortzua; helduen heziketa iraunkorreko ikastetxea indartzea; etxeko lanetarako errefortzua 12 urtetik 16ra zabaltzea eskolek; la­guntza psikologikorako zerbitzua sortu edo bideratzea, etorri berrien esperientziak lantzeko; Gaztelekua nerabeen inklusiorako zerbitzua izan dadin lan egitea; alokairurako dirulaguntzak berrikustea; haur eta nerabeentzako ongi etorri saioak...

Guzti hori aurrera eramateko, erdigunean talde eragile bat egotea planteatu du Kulturartekotasun Sailak, eta Amherrek eta Udalak osatuko luke talde hori. Eta inguruan, egongo litzateke beste talde bat, herriko talde eta eragileek osatutakoa, urtean behin edo bitan elkartu eta ekimen batzuk antolatzeko; Ongi Etorri saioa, esaterako.

Zentzu horretan, herritarren inplikazioa ere bilatu behar dela nabarmendu zuten: Ongi Etorri saioetan, Hernaniar Bidelagunak sustatuz, etxeko lanetarako errefortzurako sarea indartuz... Izan ere, bertako bizilagunak sentsibilizatu beharra azaleratu du, Harrera Protokolo berriaren lanketa prozesuak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!