Orona Fundazioari eskerrak Elikagai Bankuak, izotz gela erosteagatik

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 3a, 00:00

Jakioro proiekturako behar zuten izotz gela erosi du fundazioak, Hernaniko elikagai banaketarako.

Bere «esker beroena» adierazi nahi izan diote Orona Fundazioari, Hernaniko elikagai banaketarako bankua osatzen duten bost eragileek: Amher, Hernaniko Udala, Caritas, Hernaniko Eliza Kristau Ebanjelikoa eta Her­naniko Boluntarioak. Izan ere, Jakioro proiektuaren barruan, hilero banaketa egiteko behar zuten izotz gela erosi die.

Tokiko produktuekin prestatzen dituzte otorduak, Jakioro proiektuan, pertsona kalteberenei eskaintzeko. Horretarako, HAZI Fundazioak kudeatzen di­tu zazpi kooperatiba edo enpresaren soberakinak: Barrenetxe, Garaia, Garlan, Udapa-Paturpat, Alberro, Karabeleko eta Lurrarte. Orona Fundazioak berak hartu du bere gain otorduak prestatze­ko ardura. Eta 2020ko ekainean, hitzarmena sinatu zuten Orona Fundazioak eta Gipuzkoako Elikagai Bankuak, elikagaien banaketa egiteko, uztailetik urrira.

Hernaniko elikagai banaketarako bankuak, baina, «ezinbestekoa» zuen izotz gela bat, banaketa hori egiteko hilabetero: «Thefridi enpresarekin harremanetan jarri ginen, eta izotz gela alokatu genuen, Orona Fundazioari esker; berak ordaindu zuen alokairua. Urria pasa zen, eta izotz gela ia beteta zegoen oraindik; eta Thefridik utzi zigun izotz gela erabiltzen urtarrilera arte. Tarte horretan, Orona Fundazioari esker, 34.440 elikagai razio banatu ahal izan ditugu, barazki kremak eta lekaleak; eta beste 651 postre razio ere bai. Eta izotz gela behar genuela eta, Orona Fundazioa prest azaldu da hori erosteko, eta guk gure lana hobeto eta errazago egiteko».

Horregatik, bere esker ona adierazi nahi izan diote Orona Fundazioari, «ahulezian aurkitzen diren Hernaniko familiei laguntzeagatik».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!