Gaur aurkeztuko du Harrera Protokolo berria Hernaniko Udalak, herritarren aurrean

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 2a, 00:00

Biteriko areto nagusian izango da, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara, eta herritar guztiak animatu ditu Udalak, saioan parte hartu eta protokolo berria ezagutzera. Plana aurkeztu ez ezik, kontrastea ere egingo dute bertaratuekin.

Ia urtebeteko prozesu luzearen ondoren, gaur aurkeztuko du Hernaniko Udalak, Harrera Protokolo berria. Biteriko areto nagusian izango da, arratsalde­ko 17:00etatik 19:00etara, eta ber­tara animatu ditu herritar guztiak, saioan parte hartu eta protokolo berria ezagutzeko.


Izan ere, ez da aurkezpen hutsa izango: kontrastea ere egingo dute, herritarrekin. Bertaratuei ongietorria egin eta saioa aurkeztuko dute aurreneko ordu laurdenean, eta harreraren garrantziaz ariko dira segidan, beste ordu laurden batez, galdera bati erantzunez: zein egoeratan bizi gara gaur egun Hernanin?


Eta orduan bai, Harrera Protokolo berriari helduko diote. Ordubeteko tartea aurreikusi dute, plana bera aurkeztu, Udalak emandako aurreneko urratsak eta hartutako konpromisoak adi­tzera eman, eta bertaratutako herritarrekin kontrastea egiteko. Eta azkeneko ordu erdian, prozesuari itxiera eman eta balorazioa egingo dute.


Herritar guztien partehartzea errazteko asmoz, aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko dute saioan, eta baita haurrak zaintzeko zerbitzua ere. Eta era berean, egungo osasun egoeragatik, osasunaren prebentziorako irizpide eta neurri guztiak errespetatuko dituzte, Udalak aurreratu duenez.

Hainbat herritar eta eragileren kolaborazio eta ekarpenekin sortua, protokolo berria
2020ko urtarrilean abiatu zuen prozesua Udaleko kulturartekotasun sailak, «gaur egun Hernanik etorri berriei egiten dien harrera ezagutu, baloratu eta ha­rrera protokoloa berritzeko as­moz. Izan ere, ohikoak dira biztanleen joan-etorriak. 2019an, adibidez, 880 herritar berri erroldatu ziren Hernanin, eta 629 hernaniarrek kendu zuten errolda», azaldu dute. Zentzu horretan, aditzera eman dute etorritakoen %41 zirela Euskal Herriko beste herri batzuetan jaiotakoak; %21,6 Europako beste herrialdeetatik etorriak; %30,6 Amerikako herrialdeetakoak; eta %12,7 Afrikatik etorriak. Eta argitu dute, «azkeneko urteetako datuen antzeko joera eta ezaugarriak» erakusten dituztela 2019ko datuek.


Beraz, mugikortasun hori «ohikoa eta iraunkorra» dela ulertuta, «hernaniar berriak herriaren parte aktibo izatea eta oinarrizko bizi beharrak asetzea» bilatu du kulturartekotasun sailak, protokoloa berritzeko prozesuan. Bi lan fase nagusi izan ditu: aurrena, gaur egiten den harrera ezagutu eta baloratu, datu estatistikoak ustiatuz eta elkarrizketa sakonak eginez, egungo harreraren diagnosia egiteko; eta ondoren, protokolo berriaren diseinua egin, harrera hobetzeko proposamenak eta ekarpenak jasota. Horretarako, hainbat kontraste bilera egin dituzte, herri mailako hainbat eragile, entitate eta pertsonarekin. Haien kolaborazio eta ekarpenekin sortu da Harrera Protokolo berria.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!