Gaur auziperatuko dituzte Hernaniko bi gazte, 2017ko uztailean Jauregiko etxebizitza bat okupatzeagatik

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 2a, 00:00

Manifestazioa egin zuten larunbat arratsaldean, 'Ez da delitua!' lelopean

Azken egunotan hitzaldiak eta mobilizazioak antolatu dituzte Hernaniko Gazte Asanbladak eta Kontrakantxa gaztetxeak, bi gazteei babesa erakusteko; eta horiekin bat egin du Hernaniko Ezker Abertzaleak ere.

2017ko uztailean okupatu zuen Hego Haizea etxea, Hernaniko Jauregi auzoan, gazte talde batek. Eta gaur auziperatuko dituzte Hernaniko bi gazte, Donostiako epaitegian, okupazioagatik.


Epaiketaren harira, hainbat ekintza antolatu dituzte aurre­ko egunetan, bi gazteei babesa erakusteko, Kontrakantxa gaz­tetxeak eta Hernaniko Gazte Asanbladak. Ekintza horiekin bat egin du Hernaniko Ezker Abertzaleak ere. Bi gazteen absoluzioa eskatu eta okupazioaren aldarria defendatu dute, eta auzipetuei elkartasuna adierazi.


Adierazi dute, okupazio horren helburua zela «urteak hutsik eta utzikeria osoz baztertuta» zeramazkien etxebizitza bat «berpiztu eta gazteontzako etxebizitza edo espazio autogestionatu bat sortzea». Diote, zehazki 10 urte zeramazkiela etxeak hutsik, eta «hildako animaliak, zikinkeria eta utzikeria» zirela nagusi, okupazioaren aurretik. Etxea birmoldatzen ari zirela azaldu zen jabea, etxea berea zela adieraziz, baina bertan bizitzeko arazo ekonomikoak zituela. Okupazioa burutu zuten gazteek diote, negoziazioa hasi nahi izan zutela, baina jabeak uko egin ziola, eta 10 egun beranduago ertzainak azaldu zirela, etxebizitza hustera. Momentu horretan ez zegoenez inor etxean, bi gazte bertaratu ziren, eta haiei leporatu zieten okupazioa. «Ordutik, prozesu judizial luze bat jasan behar izan dute, eta akusazio faltsuz beteriko epai baten aurrean aurkitzen dira. Epaiak, besteak beste, milaka euroko kutxa gotor bat lapurtzea egozten die, baina inoiz ez genuen halakoren arrastorik ikusi etxean», diote.


Joan den ostiralean, hitzaldia eman zuen epaitutako gazteetako batek, Kontrakantxan. Eta larunbatean, manifestazio jendetsua egin zuten, Hernaniko kaleetan barrena, Ez da delitua! lelopean.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!