Beraien markak hobetu dituzte hernaniarrek

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 2a, 00:00

Azkoitian, Benta Berrin eta Tolosan aritu ziren igeri eta denborak jaitsi zituzten proba ezberdinetan.

Hernaniko hainbat igerilari Azkoitiko, Benta Berriko eta Tolosako igerilekuetan aritu dira lehiatzen pasa den asteburuan. Lehenengo Enaitz Goñiren txanda izan zen Azkoitian eta igerilari hernaniarrak bere denborarik onenak egin zituen 100 eta 200 metro libretan. Fortunako taldekoa da eta Astigarragan bizi den hernaniarra bietan gailendu zen. 100 metrotan 54:41eko denbora egin zuen eta 200en 1:58:25. Otsailean eta martxoan ditu neguko txapelketa garrantzitsuenak eta lehiaketa mota ikusita marka oso onak dira.

Larunbat arratsaldean Konportako Kerman Urretak 50 tximeleta, 100 tximeleta eta 100 libretan aritu zen. 33:08, 1:17:41 eta 1:14:40ko markak egin zituen.   

Asteburua amaitzeko, igande arratsaldean, Hernani Kirol Elkarteko hiru igerilari; Xabier  Huitzi, Miren Uxue Garmendia eta Intza Pagola aritu ziren Tolosako Usabalen. Xabier Huitzik 100 libre, 50 eta 100 tximeletan egin zuen igeri. Azken honetan deskalifikatu egin zuten, baina 100 libretan 1:04:19 egin zuen eta 30:40 50 tximeletan. Intza Pagolak 31:31 egin zuen 50 libretan eta 1:11:57 100 libretan. Garmendiak 100 estiloetan 1:23:37 behar izan zuen, 100 bularren 1:33:19 eta 36:07 50 tximeletan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!