Laredoren aurkako norgehiagoka bertan behera geldituta, entrenamendua egin zuten hernaniarrek

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 2a, 00:00

Aitor Lizarazu hernaniarra larunbateko entrenamenduan, kiroldegiko pistan.

Kantabriako araudiak bidaiatzea debekatuta, Laredok ez zuen etortzerik izan, eta igandeko partidua jokatu gabe geratu zen Hernani. Hala ere, erritmoari eusteko, entrenamendua egin zuen Eusebio Lizarazuren taldeak.

Txapelketako hamahirugarren jar­dunaldia bertan behera gelditu zen hernaniarrentzat. Laredoren aurka neurtu behar zituzten indarrak, igandean, baina jokatu gabe geratu ziren azkenean: Kantabriako araudiak bidaiatzea debekatuta, Laredotik atera ezinik geratu ziren. Hori horrela, partidua atzeratu zuten, eta «ahal den unean» jokatuko dute. Eta martxa ez galtzeko asmoz, bi orduko entrenamendua egin zuen Eusebio Lizarazuren taldeak, partiduaren ordez. Sake-biltzea eta lehen lerroko defentsa landu zuten bereziki.

Datorren asteburuan, egutegiaren arabera, Navarmutilak taldearen aurka jokatu behar zuten hernaniarrek, baina aurreratu egin zuten partidu hori, eta dagoeneko jokatuta daukate, Gabonen aurretik. Aldiz, jokatu gabe daukate aurreneko itzuliko partidua, Hernanin jokatu beharrekoa. Nafarren esku dago, partidu hori jokatzera etorri nahi duten, datorren asteburuan. Astean zehar era­ba­kiko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!