Irabazten hasi baziren ere, hernaniarrek galdu egin zuten Alaves liderraren aurkako norgehiagokan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 2a, 00:00

Aimar Antunez hernaniarra, 'Antu', baloia hanketan duela.

Futbola Zubipera bueltatu zen pasa den larunbatean. Jubenilen Liga Nazional taldeak Alaves izan zuen aurkari, baina garaipeneko hiru puntuak Gasteizera joan ziren, markagailua 1-2 itxi baitzen, gasteiztarren alde. 

Zubipen erakustaldi bikaina izan zen asteburuan. Jubenilen Liga Nazionaleko taldeak Alaves izan zuen aurkari, txapelketako liderra. Orain arteko partidu guztiak irabazi dituzte, baina Hernanik oso zaila jarri zien gasteiztarrei. Dena den, 1-2ko markagailuarekin amaitu zen norgehiagoka, Alavesen alde. 
Lehenengo zatian Alavesek eraso ugari egin bazituen ere, taldeak sekulako lana egin zuen. Jokalari bakoitzak ondo hartu zuen bere postua eta lerroak ere ezin hobe zehaztu zituzten etxekoek. Gainera, berdeen defentsak horma sendoa eraiki zuen eta ez zen baloirik pasa, tarte guztiak ondo itxi baitzituzten. Horrez gain, presioa ondo egin zuten aurrelariek, eta aurkariek berdeen presioa nabaritu zuten. Horietako eraso batean heldu zen Hernaniren gola. Andoni Loranen mutilek kontraerasoa egin zuten eta atsedenaldirako 1-0 aurreratu ziren markagailuan.  
Bigarren zatian, berriz, Alavesek erakutsi zuen liderraren sena. Indartsu eta gogor atera ziren zelaira, eta erresistentzia izan zen gakoa, partiduaren norabidea aldatzeko. Berdinketa jokaldi nahasi batean heldu zen, area kanpotik egindako jaurtiketa baten ostean. Baloia galduta gelditu zen Hernaniko atezainaren aurrean eta aurkariek ondo errematatzen asmatu zuten, errebotean. Ondoren, norgehiagoka amaitzear zegoela, alboko falta batean gola sartu zuen Alavesek, 85garren minutuan. Loran saiatu zen aurkariak jokoz kanpo uzten, baina jokaldia ez zen ondo irten, aurkarietako bat bigarren lerrotik sartu baitzen hernaniarren bizkarrera. Marrazainak legez barrukoa eman zuen jokaldia, baina aurkarien golak zalantza sortu zuen Zubipen. 
Beraz, zapore gazi-gozoa Andoni Loranen mutilentzat. 90 minutuetan intentsitate haundiz borrokatu zuten, garaipeneko 3 puntuak etxean gelditzeko. Hala ere, gasteiztarrek lortu zuten garaipena, epaileak norgehiagoka amaitu baino minutu gutxi batzuk lehenago. 
Hurrengo jardunaldia Amorebietaren aurka du Hernanik, asteburu honetan. Bizkaitarrek bi puntu dituzte eta hernaniarrek, aldiz, bat. Hori horrela, norgehiagoka bizia espero da, 3 puntuak lortzea oso garrantzitsua baita.


Euskal Ligak jardunaldia Zubipen, larunbatean 
Bi asteko atsedenaldiaren ondoren, Emakumeen Euskal Ligako taldeak larunbatean jokatuko du partidua. Aurrera de Vitoria B izango dute aurkari, arratsaldeko 15:30etan. 
Bestalde, Ohorezko Erregional mailako taldea atzo hasi zen entrenatzen eta Federazioak aurreratu duenez, laster hasiko da txapelketa.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!