«Eskatzen dugu kentzea pintadak, argazkiak eta horma-irudiak»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 1a, 00:00

Udal eraikin eta espazio publikoetatik euskal presoen aldeko esaldiak, argazkiak eta horma-irudiak kentzeko eskatu du Gogoan elkarteak.

Gogoan, por una memoria digna elkarteak eskatu du, «Udalarenak diren espazio publikoetan egonda, Hernaniko, Oiartzungo eta Errenteriako alkateek ETAko presoei omenaldia egiten dieten horma-irudiak, argazkiak, pintadak eta aipamenak kentzeko». Adierazi dutenez, duela hilabete batzuk egin zuten eskaera, baina berriro egin nahi izan dute, «Hernaniko alkatearen erantzuna ezezkoa izan delako, hau da, ez zituztela argazkiak kenduko». 

Elkartearen ustean, horrelako pintadak eta aipamenak «iraina dira ETAren terrorismoaren biktimentzat, ba­ita gizarte osoarentzat ere, eta tamalgarria da Euskal Herriko eta Nafarroako beste herri askotan horrelakoak erruz egotea». Horrekin batera, aipatu dutenez, «hiri paisaia berri bat eraiki behar da, erasoa jaso zuen pertsona gogorarazteko, indarkeriari zilegitasuna kentzen laguntzeko eta biktimari plaza eta eszena publikoa emateko; eta ez, ordea, erasoa egin duenari». 

Halaber, elkartearen esanetan, «guztiz zilegi» da presoak urruntzeko espetxe-politika kritikatzea. «Demanda horrekin bat gatoz», adierazi dute. «Dena den, oso ezberdina da biktimen eta gure gizarteko bizikidetzaren aurkako eraso larriak egin zituztenak kritikoki ez tratatzea». 

Hernaniren kasuan, elkarteak hauxe helarazi du: «gure kexa oinarritzen da herriko frontoian dauden ETAko presoen argazkietan eta udaletxeko plazako mastan, Euskal Presoak Etxera banderarekin». Horregatik guztiagatik, Gogoan-ek azpimarratu du ezin dela bizikidetza indartu, Presoak kalera edo Free them all bezalako mezu «engainagarriekin». 

Hori dela eta, elkarteak «bidezko erreibindikazioa» erabiltzeko eskatu du. «Alegia, urruntzearekin amaitzearena». Izan ere, zera adierazi dute: «ezbairik gabe, ETAren krimenak gaitzetsi egiten ditugun arren, presoek eskubideak dituzte, baina deigarria da udalerri jakin batzuetako eremu publikoetan biktimagileak etengabe, nabarmen eta, batzuetan, itogarri egotea; eta biktimak, aldiz, gutxi izatea».

Azkenik, elkartekoek esan dute bizikidetzaren aldeko apustu «koherenteak» pertsonen eskubideen erabateko defentsa eskatzen duela. Horrekin, gehitu dute «zalantzarik gabe» biktimen oroimenarekiko errespetua eskubide horien artean dagoela. «Horregatik, alkate horiei berriro eskatzen diegu beren jarrera berrazter dezatela eta udal eraikin edo udal espazioetatik aipatutako pintadak, argazkiak eta horma-irudiak ken ditzatela, be­hingoz».   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!