Harrera protokoloaren aurkezpen jardunaldia bihar, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 1a, 00:00

Bihar aurkeztuko ditu Udalak, kultur etxean, azken urtean zehar egindako prozesuaren emaitzak, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara bitartean.  

ilak prozesu bat abiatu zuen pasa den 2020ko urtarrilean, gaur egun Hernanik etorri berriei egiten dien harrera ezagutu, baloratu eta harrera protokoloa berritzeko. Izan ere, biztanleen joan etorriak ohikoak direla helarazi dute. 2019an, adibidez, 880 herritar berri erroldatu ziren Hernanin eta 629 herritarrek, berriz, errolda kendu zuten (Hernanitik joan ziren). Etorritakoen artean %41 Euskal Herriko gainerako herrietan jaiotakoak izan ziren (361 biztanle), %21,6 Europako beste herrialdeetatik etorriak (190 biztanle), %30,6 Amerikako herrialdeetan jaiotakoak (270 biztanle), eta %12,7 afrikarrak (112 biztanle). 2019ko datuak azken urteetako datuen joera eta ezaugarri antzerakoetan kokatzen dira, pertsonen joan etorrien ugaritasuna nabarmen agertuz.

Biztanleria eta herritarren mugikortasuna ohikoa eta iraunkorra dela ulertuta, Udalak hernaniar berriak herriaren parte aktibo izateko eta oinarrizko bizi beharrak asetzearen ikuspegitik Hernanira Etorri Berrien Harrera Protokoloa berrikusi eta berritzeko prozesua garatu du. Prozesuak bi lan fase nagusi izan ditu: lehendabizi, gaur egun egiten den harrera ezagutu eta baloratu nahi izan dute; horretarako datu estatistikoen ustiaketa egin dute, eta egungo harrera baloratzeko elkarrizketa sakonak ere egin dituzte. Bi lan horiekin egungo harreraren diagnosia osatu dute.

 Ondoren, bigarren lan fasearen zeregin nagusia izan da harrera hobetzeko proposamenak eta ekarpenak jasotzea, eta aurrera begira martxan jartzeko protokolo baten diseinua egitea. Eta horretarako hainbat kontraste bilera egin dituzte herri mailako eragile, entitate eta pertsonarekin, protokolorako proposamen berriak egin zitzaten. 

Udalak adierazi duenez, ia urtebete luzatu da prozesua, baina bihar aurkeztuko dute Biterin. Zehaztu dute aurkezpen jardunaldiaren helburua dela «hainbat herritarren eta eragileren kolaborazio eta ekarpenekin sortu den harrera protokoloa aurkeztea, Udalak arlo honetan hartzen dituen konpromisoekin batera, eta norabide berean, prozesuan parte hartu duten herritar guztiei itzulketa egitea».

Aldibereko itzulpena eta haurrak zaintzeko zerbitzua 
Herritarrek parte hartzea errazte aldera, jardunaldia garatzeko aldibereko itzulpen zerbitzua egongo da eta, horrez gain, haurrak zaintzeko zerbitzua ere eskainiko da. Bestalde, egitarauari dagokionean, bi orduko iraupena izango du jardunaldiak eta lau zatitan banatuko da: ongietorria eta aurkezpena, harreraren garrantzia, harrera planaren aurkezpena eta prozesuaren itxiera eta balorazioa.
Udalak bertan parte hartzera gonbidatu ditu gaian interesa duten herritar guztiak.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!