Urrizak Barrenetxea garaitu zuen pasa den larunbatean, Galarretako Master txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 1a, 00:00

Urriza eta Barrenetxea, UTS Master Txapelketako finaleko protagonistak.

30-25 garaitu zuen Urrizak Barrenetxea, UTS Master Txapelketako final haundian. «Urrizaren aurrean ezin da horrenbeste pilota oparitu», nabarmendu zuen hernaniarrak. 

Urrizak 30-25 garaitu zuen Barrenetxea IV.a UTS Master Txapelketako finalean. Larunbat gauean jokatu zen partidua eta iruindarrak bere seigarren txapela lortu du txapelketa honetan. Zazpi buruz buruko, sei binakako eta sei Master baditu bere palmaresean, eta denak batuz gero, 19 txapela ditu jadanik. Denboraldia ezin hobeto itxi du torneo guztietan irabazi eta gero.

Hala ere, finala zail jarri zitzaion hasieran. Barrenetxea 1-7 aurreratu zen eta txapelduna hotz sartu zen partiduan. Atzelari hernaniarra ezin hobeto ari zen sakatzen eta pilotakada sendoak jotzen zituen. Horrela, aurreneko tanto horietan jaun eta jabe izan zen. Urrizak buelta eman zion egoerari sakea hartu eta bere pilota atera zuenean. 1-7 galtzetik, 9-7 irabaztera pasa zen. Urriza ere bikain ibili zen sakatzen partida guztian zehar eta bai batek eta bai besteak min asko egiten zuten lehenengo pilotakadarekin. Urrizak, ohi moduan, ongi defendatzen zuen eta Barrenetxea arriskatzen ari zen eta ongi irteten zitzaizkion jokaldiak. 

Finala maila altukoa izan zen, emozioz beterikoa. Oso parekatua joan zen ia amaierara arte, baina, azkenean, aurrelaria freskoago iritsi zen eta atzelari hernaniarrak hutsegite gehiago egin zituen. Hor erabaki zen txapela. Barrenetxeak ez zuen asmatu errebotean eta, gainera, bi pilota argitan, eskura etorri zatzaizkionak, huts egin zuen. 5 akats horiek zirt edo zartekoak izan ziren. 

Urrizak, aldiz, ez zuen pilota bakarra galdu eta, beti bezala, ezin sendoago aritu zen. Ez zuen arriskatu eta jokaldi gutxi egin zituen: bi paretera, esaterako, tanto bakarra egin zuen. Barrenetxeak, berriz, jokaldi gehiago egin zituen, baina ez zen nahikoa izan.

Markagailuan biek agintzen bazuten ere, momentu erabakigarrienera hernaniarra aurretik iritsi zen (23-24). Orduan, Urrizak 5-0 partziala egin eta finala ia erabakita utzi zuen 28-24 aurreratuz. Ongi sakatu zuen eta, gainera, Barrenetxeak bi akats potolo egin zituen,  egin behar ez direnean. 28 eta 25ekoa egin eta gero, 29garrena eskura etorritako pilota bat huts egitean igo zen markagailura eta azken tantoa sakez egin zuen Urrizak. 

Guztira 13 tanto egin zituen piloteoan Urrizak eta sakearekin, 8. Barrenetxeak piloteoan 19 tanto egin zituen, 6 bi pareta, eta sakearekin, aldiz, 6 tanto egin zituen. Hala ere, sakez bi falta ere egin zituen eta zazpi akats denera, piloteoan.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!