Leihoak, pertsianak eta argiteria berrituta, datorren asteazkenean zabalduko ditu ateak Gaztelekuak

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 31a, 00:00

Energetikoki eraginkorragoa izateko asmotan egin dira berritze lanak lokalean, eta otsailaren 3an irekiko dute, arratsaldeko 17:00etan. 

Duela aste batzuk hasi ziren Hernaniko Gaztelekuan berritze lanak egiten, lokala energetikoki eraginkorra izateko helburuarekin. Orain, ia lau asteren ostean, ateak zabalduko dituzte berriz ere. Leihoak, pertsianak eta argiteria berritu dituzte eta, beraz, Gaztelekua «itxuraldatuta» ikusiko dute gazteek. 

Berritze lanak amaituta, gaztelekuak nerabeei «espazio propioa» eskainiko die. Hezitzaileek aukeratu zituzten hormak margotzeko kolore berriak eta, hortaz, gazteentzako espazio «goxoa eta erosoa» prestatu dute. Gainera, Dekosocialek neurrira egindako eserlekuak jarri dituzte. 

Zerbitzua ezagutzeko, bideoa
Datorren asteazkenean irekiko ditu ateak Gaztelekuak. Hori horrela, egindako aldaketak ezagutarazteko, bideoa partekatuko dute sare sozialetan Udaleko Gazteria arloak eta Hernaniko Gaztelekuak. Ikus-entzunezkoan zerbitzuaren gaineko azalpenak emango dituzte gaztelekuko hezitzaileek, herritar guztiak informatuta egoteko.

Bestalde, azken aste hauetan lokala itxita egon bada ere, zerbitzua eskaini da herriko hainbat txokotan. Hain justu, urtarrilean, hamaika ekintza egin dituzte gazteek kiroldegian, Plaza Feministan edota Biterin. Asteazkenetik aurrera, berriz, gaztelekura bueltatzeko aukera izango dute 12 eta 17 urte bitarteko nerabeek. Antolatutako ekintzak egiteaz gain, beste gazteekin batera bizipenak partekatzeko, hausnarketak egiteko, elkarrizketa izateko eta kezkak elkarbanatzeko tartea izango dute gaztelekuan, beste makina bat egitekoren artean.

Otsailaren 3tik aurrera gaztelekuak ohiko ordutegia berreskuratuko du: asteartetik ostegunera arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara eta ostiraletik igandera, aldiz, 16:30etatik 20:30etara.    

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!