Bihar jarriko dira salgai, otsaileko kultura ekintzetako sarrerak

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 31a, 00:00

Bakarrizketa, antzerki musikala, musika emanaldia eta haur antzerkiak izango dira, eta Biterin edo Internetez erosi ahal izango dira sarrerak.

Otsaileko kultura-agendarekin egiteko ugari izango dira herrian datorren hilabetean. Hernaniko Udalak antolatu ditu bakarrizketa, antzerki musikatua, musika emanaldiak eta beste asko, eta bihartik aurrera jarriko dira sarrerak salgai. Biterin edo www.kultura.hernani.eus webgunean erosi ahal izango dira.

Antolatutako lehenengo ekintza zinema zikloaren baitakoa da. Otsailaren 4an, ostegunean, Caminho Longue filma proiektatuko dute Biterin eta, ondoren, solasaldia izango da Josu Martínezekin, ikus-entzunezkoaren zuzendariarekin. Arratsaldeko 19:00etan ekingo diote ekintzari eta saiora bertaratzeko asmoa dutenek, beharrezkoa izango dute gonbidapena aldez aurretik eskuratzea.

Horrez gain, hilaren 14an Aitziber Garmendiaren Txanogorritxotik otso emera bakarrizketa egongo da Biterin, arratsaldeko 19:00etan hasita. Ondoren, otsailaren 14an Kutsidazu bidea Ixabel antzerki musikala egongo da kultur etxean, 19:00etan. Emanaldi honetarako sarrerak bihar jarriko da salgai, bakoitza 7,5 euroan. Horrez gain, Musikarium haurrentzako antzerkia eta musika emanaldia egongo da hilaren 15ean, eta sarrerak 3 euroan egongo dira salgai, bihartik.

5 sarrera gelditzen dira, Nøgen ikusteko

Hilaren 13an Nøgen taldearen emanaldia egongo da Biterin, arratsaldeko 19:00etan. Sarrerak salgai daude dagoeneko, 7,5 euroan, eta emanaldiko aforoa betetzeko 5 gelditzen dira saltzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!