Bera Beraren aurka 15-11 irabazita, bigarren postua ziurtatu dute hernaniarrek

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 31a, 00:00

Berdegune lokaztua oztopo izan zen bi taldeentzat, atzoko norgehiagokan.

Atzoko garaipenarekin jardunaldi bakarra falta du Hernanik, lehenengo fasea amaitzeko. Hurrengoa Galizian jokatuko dute, otsailaren 21ean.

Hernanik partidu garrantzitsua izan zuen atzo Bera Beraren aurka. Hamargarren jardunaldiko norgehiagoka izan zen Ohorezko B Mailan eta hernaniarrek bigarren postua ziurtatzeko helburua zuten. Izan ere, bigarren zeuden sailkapen nagusian eta donostiarrak, aldiz, hirugarren postua osatzen zuten, bi partidu gutxiagorekin. Orain, atzoko garaipenarekin, 43 puntu batu dituzte etxekoek.

Hernaniarrek irabazi bazuten ere, partidu parekatua izan zen atzokoa, bi taldeentzat. Berdegunea erabat lokaztuta agertu zen eta oztopo izan zen errugbilarientzat. Hori horrela, orain arteko partiduetan ez bezala, ozta-ozta lortu zuen garaipena talde trikoloreak Bera Beraren aurka.

Gogor ekin zioten donostiarrek lehenengo zatiari eta, horrela, markagailuan aurreratu egin ziren norgehiagokako lehen zatian. Dena den,    hernaniarrek azkar erreakzionatu zuten eta, ia segidan, bi entsegu egin zituzten: bata Martxel Aramendirena 20. minutuan eta bestea, berriz, Eneko Noriegarena, 26. minutuan. Gero, donostiarrek lortu zuten beraiena egitea, atsedenaldira 12 eta 11 helduta. Deskantsua eginda, bigarren zatiari tinko heldu zioten bi taldeek eta hainbat eraso egin zituzten. Hala ere, hernaniarrek maila hobea erakutsi zuten bigarren erdi horretan eta 15. minutuan lortu zuten entsegua egitea. Horrek erabaki zuen partidua, 15-11 itxi baitzen markagailua.

Hurrengo partidua Galizian, otsailaren 21ean

Aldaketarik egon ezean, lehenengo faseko azken jardunaldia, hamaikagarrena, Galizian jokatuko dute hernanirrek. Norgehiagoka otsailaren 21ean izango da, Ourenseren aurka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!