«Hernaniko Ezker Abertzaletik elkartasun osoa, auziperatuei»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 31a, 00:00

Pasa den astean hitzaldia eman zuten asteartean epaituko dituzten bi gazteek.

Ezker Abertzaleak elkartasuna adierazi die 2017an etxebizitza bat okupatzeagatik epaituko dituzten bi hernaniarrei.

Datorren asteartean epaituko dituzte Hernaniko bi gazte, 2017 urtean Jauregiko Hego Haizea etxea okupatu zutelako, «proiektu kolektibo bat abiatu eta etxea behar zuenaren eskura jartzeko asmoz». Horren harira, Hernaniko Ezker Abertzaleak elkartasuna adierazi die bi hernaniarrei eta tinko heldu diote mezuari: «okupazioa ez da delitua». Are gehiago, helarazi dute 2017ko uztailean martxan jarri zutela Jauregiko etxea okupatzearen prozesua, «urteak hutsik eta utzikeria osoz baztertuta zegoen etxebizitza hura berpiztu eta gazteontzako etxebizitza edo espazio autogestionatu bat sortzeko».

Ezker Abertzaleak adierazi duenez, etxeak 10 urte zeramatzan hutsik, eta birmoldaketekin hasi aurretik, eraikinean «hildako animaliak, zikintasuna eta utzikeria» zeuden. Halaber, kontatu dute gazteak etxea aldatzeko txandetako batean zeudela, legezko jabea bertaratu zenean aipatu ziela bertan bizitzeko «zailtasun ekonomikoak» zituela. Horren harira, gehitu dute gazteek «negoziazioa» hasi nahi izan zutela, baina jabeak uko egin zuela eta 10 egunetan ertzainak etxea hustera joan zirela. «Momentu hartan inor ez zegoenez, bi kide bertaratu ziren etxera, eta horiek identifikatu zituzten, etxearen okupazioa leporatuz. Horrez gain, egunean bertan, 5 lagun galdekatuak izan ginen komisaldegian», salatu dute.

2017az geroztik, bi gazte hernaniarrek prozesu judizial «luzea» izan dute eta azpimarratu dutenez, «akusazio faltsuz beteriko epai baten aurrean aurkitzen dira». Xehetasunak eman dituzte aurreko horren gainean eta salatu dute epaiak, besteak beste, «milaka euroko» kutsa gotor bat lapurtzea egozten diela. «Baina inoiz ez genuen halakoren arrastorik ikusi etxean», esan dute.

Horrekin guztiarekin, sinesten dute jabeak etxearen okupazioa kriminalizatzeko saiakerak egiten ari dela eta, gainera, «herrian gazteontzako espazio autogestionatuak eta negoziatzea delitua bailitzan» jazartzen dituztela adierazi dute.

Azkenik, Ezker Abertzaleak esan du okupazioa gazteen burujabetzarako eta herrigintzarako oinarri moduan ikusteaz gain, «autogestioaren aldeko aldarri zuzena» egiten dutela. Izan ere, diote, gazteen langabezia «inoiz baino gehiago» gora egiten ari dela eta sistemak lan prekarioak onartzera kondenatzen dituela. «Ondorioz, gazteok ezin dugu emantzipazio terminoetan aritu, alokairu edo hipoteka batean sartzea zinez ezinezkoa zaigulako».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!