Chillida Lekuk 'Leges naturae', aldi baterako erakusketa aurkeztu du

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 30a, 00:00

Zabalaga baserriko bosgarren aretoan dago ikusgai erakusketa.

Zabalaga baserrian dagoen erakusketak, 2021eko ekainera arte iraungo du, oraingoz hernaniarrentzako.

Chillida Lekuk Leges naturae, aldi baterako erakusketa aurkezten du Zabalaga baserrian. 2021eko ekainera arte iraungo du eta oso gutxi ezagutzen diren eta gutxitan azaltzen diren lanen aukeraketa bat aurkezten du. Leges naturae-k naturak eta «haren legeek» eskultorearen lanean izan duten garrantzia erakusten du.


Erakusketa honek Eduardo Chillidaren obraren interpretazio berri bat eskaintzen du, eta publikoaren eskura jartzen ditu oso ezagunak ez diren eta gutxitan erakutsi diren obra batzuk. Horietako batzuk, zehazki, lehen aldiz erakutsiko dira Chillida Lekun oraingoan. Leges naturae erakusketak naturak eta haren legeek eskultorearen lanean izan duten funtsezko rola erakusten du, Ignacio Chillida bere semeak azaldu zuen bezala. «Artistaren lanaren sorburua eta inspirazio-iturri agorrezina izan baitziren». 


Izenburuak naturaren legeak esan nahi du latinez, eta erakusketarako hautatu diren kutsu zientifikoko marrazki batzuen ondoriozkoa da, latina baita biologian espezieak izendatzeko erabiltzen den hizkuntza. Landare eta animalien marrazkiak eta natura abstraktuaren trazuak eta, horiekin batera, artxiboko materiala –argazkiak, eskuizkribuak eta artistak bere estudioan gordetzen zituen fosilak eta mineralak–, daude ikusgai Chillidari naturak pizten zion harriduraren berri emateko. 


Gainera, leku nabarmena hartzen du, gurutze moduan landutako harrizko eskulturak, naturaren eta Jainko sortzaile baten arteko loturaren adibide. Zabalaga baserriko 5. aretoan instalatuko da artistaren beste alderdi bat erakutsiko duen aldi baterako erakusketa hau. Zientzialariaren edo naturalistaren ikuspegitik gertuago dago, eta ezezagunaren aurreko harridura eta jakin-mina ditu ezaugarri.


Bere seme den Ignaciok esan bezala. «Naturari eskainitako monumentu bat da» eta oraingoz hernaniarrek izango dute aukera ikusteko larunbatetatik astelehenetara.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!