«Esan dezakegu gerentziarentzat haurreskola txikiak karga bat direla, eta guretzat berriz altxorra»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 30a, 00:00

Nuria Barba Hernaniko haurreskolako hezitzailea da, eta Itziar Arruarte LAB sindikatuko ordezkaria. Haurreskolen egoerari buruz jardun dute, Kronikarako elkarrizketan.

Hainbat greba deialdi izan dira Haurreskolen Partzuergoan, azken egunetan. Horren harira, haurreskolen egoera kontatu diote Kronikari, barrutik, Nuria Barba Hernaniko Haurreskolako hezitzaileak eta Itziar Arruarte Haurreskolako langile eta LABeko ordezkariak.

Aste honetan hasi zarete haurreskolak Partzuergoko langileak greban LAB, Steilas eta ELAk deituta. Oraingoz %65eko parte hartzea egon da, espero zenuten?
I.A.: Kontua da, greba ez dela oraingo gauza, egin genituen abenduan beste bi deialdi, eta horrez gain irailean sektore mailako beste bat ere egin genuen. Irailean egin zen sektore mailako grebak, irakaskuntza arloa hartzen zuen, bertan batzuk hainbat eskari lortu zituzten, baina guk ez genuen ezer lortu. Hori horrela, guk jarraitu dugu greba deialdiekin, borrokan. 
N.B.: Parte hartzeari dagokionez, kantitatea desberdina izan da, aurreko greba %75ekoa izan zen, abendukoaz ari naiz. Urtarrileko lehenengoan berriz %65 eta bigarrenean %70eko parte hartzea egon da. 

Zer da zehazki aldarrikatzen edo eskatzen duzuena? 
N.B.: Egia esan gauza asko eskatzen ditugu, baina funtsean da lan hitzarmena betetzea eta lan hitzarmen berria abian jartzeko negoziazioa. Izan ere, momentu honetan ez dago negoziaziorik, etenda dago, gerentearen aldetik ez da aurreikusten borondate haundirik. Alde bakarrez ari baita gerentea erabakiak hartzen, lan hitzarmena urratzen... Egoera honetan are eta larriagoa da oraindik. Zehazki lan hitzarmenean urratzen dena da, ordezkapenak ez direla betetzen, ordu estrak sartzera behartuta gaudela haurreskola batzuetan, egonkortasuna erabat hankaz gora jarri du... Bestalde, zikloaren aitortza, aspaldiko borroka bada ere, iruditzen zaigu, orain alde batera utzi gaituztela erabat. Irakaskuntza sektorean, hitzarmena abian jartzen ari dira, eta gure haurreskoletan ez. 
Horrez gain, zalantzan jarri dituzte orain arte, 2009an sinatu genuen lan hitzarmeneko akordioak. Egin dituzten agerraldietan behin eta berriz, izugarrizko perlak botatzen dituzte, esanez, haurreskola ez dela rentablea, hausnartu egin beharko litzatekeela haurreskola txikien existentzia... Guretzat oso potentea izan da. Betidanik gaudelako borrokan. Azkenean urteak daramatzagu 0-3 zikloaren doakotasunaren bidea lortu nahian...
I.A.: Bai hori da, Nuriak azaldutakoa. Eskaerak horiek dira, akordioak betetzea, lan hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea, doakotasuna eta integrazioa hezkuntza sailean, eta azkenik langileak egonkortzea. 

Urtarrilean, hainbat mobilizazio egin dituzte, eta otsailean jarraipena izango dute greba deialdi eta mobilizazioek. 

«Akordioak errespetatzea eta betetzea» da eskakizunetako bat, zehazki zeintzuk ez dira bete?
I.A.: Bat bera ere ez da bete, kontua da, 2009an sinatu zen lan hitzarmen bakarra, hain justu gurea. Eta ez da lortu lan hitzarmen berririk sinatzea. Orduan urte guzti hauetan, gai konkretu batzuk hartu dira, hauek landu eta horiekin akordioak sinatu dira. Gero, hauek bete egin dira, tartean daude: kudeaketako pertsonalaren aurre-akordio bat. Gero dago ere, ordezkoen araudi berria egin zena, hobekuntza askorekin egina.
N.B.: Bai egia da, borrokatzen gauzak lortu ditugu, ordezkapenak ondo egitea lehenengo egunetik adibidez.

Lan hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea ere eskatzen duzue... Aipatu duzuenaren arabera, 2009tik ez da berritu? 
I.A.: Bai hori da, txertatu dira, akordio pare bat, eta orduan horiek bai bete behar dituztela, azkenean hitzarmenean txertatuta daudelako. Baino beste guztiak, 2009tik berritu gabe daude, bai.
 
Azken hilabeteetan zein izan da harremana instituzioekin? 
N.B.: Gerentziarekin ezer ere ez. Gainera gerentzia aldatu zen, iazko urtarrilean, eta nik ez dakit beste haurreskoletan zer egin duen, baina bai dakidala nola jokatu duen Hernaniko haurreskolarekin. Ez da inoiz gerturatu, nik uste dut, gerentzia honek ez duela ondo ezagutzen berak zuzentzen duen enpresa honen funtzionamendua. Azkenean haurreskola desberdin asko dago, ez du bisita bat bera ere egin, ez du haurreskola ezagutzen, eta gurekin eduki duen harremana behintzat, hutsa izan da. Bere garaian bidali zuen eskutitz bat, bertan azalduz protokoloa eta kontingentzi plana martxan jarri zenean gure esfortzua eta egindako lana baloratzen zuela. Baina gainontzean, ez dugu ezer jaso, gainera kontingentzi plana betetzeko zailtasun haundiak eduki ditugu. 
I.A.: Gertatu dena da, aurreko gerentea, irakaskuntzatik zetorren pertsona bat zela, orduan nahiz eta politikatik sartu gerentziara, bai ulertzen zuela proiektuan eta gainera sinesten zuen haurreskolen proiektuan. Horrez gain, berak sortutako proiektu bat zen, 0-3 zikloan sinesten zuen, eta orduan edozer gauza negoziatzeko behintzat, ulertzen zuen, zer nolako eskaerak ziren, bazekien, kokatzen zen. Orain zer geratzen da? EAJ-PNVko, Astigarragako iazko legegintzaldiko alkatea zena, Zorione Etxezarraga dela gaur egungo haurreskolen gerentea. Zorione, hezkuntzan ez da inoiz ibili, ez du ulertzen arlo honetako ezer, are eta gutxiago haurreskoletan. 
Azkenean hezkuntzari buruz hitz egiten denean, askotan haurreskolak ahaztu egiten dira, mundu guztiak dauka buruan lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza... Eta haurreskolak beti baztertuta egon dira alde horretatik.
Zorionek, proiektua bera, hau da, haurreskolen proiektua zalantzan jartzen du, erabilgarritasuna, errentagarritasunaz ere hitz egiten du, aurrekontuaz... Eta azkenean zerbitzu publiko bat dira haurreskolak. Zerbitzu publiko bat den heinean, ezin duzu errentagarritasunaz hitz egin, esaterako, Osakidetza ere zerbitzu publiko bat da, eta ez da errentagarria, edo garraio publikoa, edo dena delakoa. Azkenean esan nahi dudana da, zerbitzu publikoak ez direla errentagarriak
N.B.: Zorionek, bere garaian onartu zuen legebiltzarrean, egia zela alde bakarrez hartzen zituela erabakiak, baina zeukan aurrekontuarekin ezin zuela, esaten zuen. Nik hori dudan jartzen dut noski. Benetan sinesten baduzu 0-3 zikloan, borrokatzen duzu eta saiatzen zara daukazun aurrekontu hori haunditzen. Kontua ez da dirurik ez daukala, hor borondate falta ikusten dugu guk. 
I.A.: Aurreko gerenteak proiektuan sinesten zuenez, dirua behar zenean, Eusko Jaurlaritzara joaten zen, eta dirua jasotzen zuen. Orain kontua da Zorionek ez duela eskatzen, ez zaiolako interesatzen. Negoziatzen ere ez digu utzi, eta egin diren bileretan, ikusten da, ez dagoela borondaterik ezertarako. 

Zein da Hernani eta Astigarragako haurreskolen egoera orain?
N.B.: Ikasturte honetakoa kontatuko dut, azkenean bizi dugun egoerak, asko aldatu du haurreskolen kudeaketa. Irailean, lan haundia egin genuen, bai uztailean eta bai iraileko parte horretan, kontingentzi plana aurrera eraman ahal izateko. Eta ezustean harrapatu gintuen, ez zituztela baliabideak jarri, ez pertsonalak, ez eta materialak. Baliabide hauek murriztu egin zituzten, eta kontingentzi plan hori aurrera eraman ahal izateko, zailtasun haundiak genituen. Behin zailtasun hauekin, saiatzen zarenean burbuilak egiten, ahal den neurrian, iristen da momentu bat, adibidez Hernaniko haurreskolan gertatu dena: pertsona bat leku-aldatu zuten, behin egokitzapena hasita, burbuila mantenduta, eta horrek suposatzen du haurreskola hankaz gora jartzea. Kanpotik ikusita, agian badirudi pertsona bat haurreskola batetik mugitzeak ez duela eragina. Baina eragin haundia du, horrek suposatzen du ordutegia aldatzea, egon gara dagokiguna baina ordu gehiago sartzen arreta zuzenean. Gero gainera lan egiteko modua asko aldatu da: ikasturte hasieran egiten ditugun bilerak gurasoekin, talde funtzionamendua eta egokitzapena azaltzeko, bakarka egin ditugu. 
Jostailuak garbitzeko ere denbora asko behar duzu. Orduan pertsona bat kentzea izan zen Hernaniko Haurreskola berriz ere berrantolatu behar izatea. 
Orain, nahiko ondo gaude, egonkortu egin gara, neurria hartzen ari gara egoera honi. 

Zein baliabide dauzkazue orduan haurreskoletan? 
N.B.: Bai momentu honetan hobeto gaude, baina hobeto gaude, betiko egoeran. Esan nahi dut, gaudela ratioetan, orain arte moduan. Momentu honetan badaukagu pertsona bat gehiago, komodin gisa, baina ez dakit horrekin zer gertatuko den. 
I.A.: Gerentziak tranpa txiki bat egin du, orain arte ez da ordezkapenik bete, dena alde batetik bestera doan jendearekin kubritu du, hau da, jende finkoa desplazatua izan da. Orain zer egin dute? Haurreskola bakoitzeko egoera aztertu, eta haurreskola batzuetara bidali dute jendea, sobran dagoena beraien ustetan. Orain pertsona bat sobran dagoenez, zerbait behar izanez gero, ez da ordezkapenik egongo, pertsona horrek kubrituko baitu behar hori. Eta haurreskola batzuetan gertatzen da, ez dela pertsona bat, pertsona baten jornada erdia edo da. 

Zenbat langile daude behin behineko kontratuarekin?
I.A.: Orokorrean, behin-behinekotasuna haurreskola partzuergoan da %40 ingurukoa. Baina asko aldatzen da lurraldeka. 

Aipatu zenuten, haurreskolak desagertzeko arriskua dagoela. Nola ikusten duzue haurreskolen etorkizuna? 
I.A.: Ez dakit desagertzeko arriskuan dauden, batez ere, esan duguna, azkenean gerenteak ez badu proiektu honetan sinesten, eta ez du hau defendatzen, hor badago arrisku bat. Azkenean gertatzen da, haurreskolen partzuergoak zor haundiak dituela beti, aurrekontua ez delako haunditzen. Aurrekontua zaharra da, eta haurreskola gehiago ireki dira geroztik, hor beraz, aurrekontua haunditu behar da.  Esan dezakegu beraientzat dela izugarrizko karga eta guretzat berriz altxorra. 
N.B.: Haurreskolak ez dira bat-batean desagertuko, baina bai gure lan egiteko modua. Azkenean gure hezkuntza proiektua joango da pikutara, dirurik ez badugu jasotzen, baliabideak murrizten jarraitzen badute, eta ratioak haunditzen... Hezkuntza proiektuak ondorio kaltegarriak izango ditu.
I.A.: Zorionek pribatizatzeaz ere hitz egiten du, eta hori guretzat ez da aukera bat. Publikoa eta doakoa izan beharko luke haurreskolak.

Zer ratio dituzue? 
N.B.: Momentu honetan, 0-1 zikloan zortzi umerekin gaude bi hezitzaile eta 1-2 zikloan berriz, 13 umerekin 2 hezitzaile. Horrela dago antolatuta. Momentu batzuetan, adibidez kurtso hasieran egokitzapena dagoenean, zaila da. Gero apirilean, errazago moldatzen gara noski. Egia da, egokitzapen garaia, haurreskolen momentu potenteena dela, orduan hor errefortzu bat ondo egongo litzateke. Esan daiteke hor esku guztiak gutxi direla. 

Grebaz gain zerbait egiteko asmoa daukazue? 
I.A.: Egia da, iazko kurtso amaieran egoera ikusi genuela eta zer etorriko zen aurreikusi genuela, hori horrela, mobilizatzen hasi ginen. Azkenean deskonfinamenduan, hasi ziren  batxilergoa irekitzen, eta bat-batean erabaki zuten haurreskolak irekitzea. 
Hainbat mobilizazio egin ditugu, bai haurreskola pribatuak eta bai publikoak. Ekainean haurreskola pribatuekin batera egin genituen mobilizazioak, hortik aurrerakoak guk antolatuak izan dira. Irailetik aurrera, grebak egiteaz gain mobilizazioekin jarraitu dugu, adibidez arratsaldeetan. Manifestazioak ere egiten ari gara, eta horrez gain, familiekin lanketa haundia egiten gabiltza. 
N.B.: Hernanin, zortea daukagu, azkenean hezkuntza plataforma dago, eta honek babes haundia ematen digu, eta alde horretatik eskertuta gaude, beste herri batzuetan ez dago hori. 
Azkenean zaila da jendea kontzientziatzea, ez dela haurreskolen borroka bat, baizik eta gizartearen edo zerbitzu publikoen aldeko borroka bat dela. Funtsean, zerbitzu publiko bat aurrera eraman ahal izateko ari gara borrokan. Eta hor bai sentitzen dugula bakarrik gaudela.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!