Hernanik Bera Beraren aurka bigarren postua ziurtatu nahi du

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 30a, 00:00

Mikel Perez Hernaniko jokalari garrantzitsuenetakoa da.

Landaren jokatuko dute gaur hernaniarrek, 16:00etan, donostiarren aurka eta irabaziz gero 16 edo 17 puntuko aldea zabalduko lukete.

Hernanik partidu garrantzitsua jokatuko du gaur, 16:00etan, Landaren Bera Beraren aurka. Hamargarren jardunaldiko norgehiagoka da Ohorezko B Mailan eta hernaniarrak bigarren daude sailkapen nagusian. Donostiarrak hirugarren postuan dau­de, bi partidu gutxiagorekin. 
Bi taldeek partidu bakarra galdu dute, Gernikaren aurka, eta Hernanik irabaziz gero bien arteko aldea, sailkapenean, 16 edo 17 puntura haundituko luke. Horrek ia-ia play off-era sailkatzea suposatuko luke.  
Gainera, Hernanik pasa den asteko arantza atera nahi du. Landaren Gernika aurkari zuzenaren kontra garaipenak ihes egin zion eta egoera horri buelta eman nahi diote Polidorik zuzendutako jokalariek, beste aurkari zuzen baten aurka.
Donostiarrek aurreko astean ez zuten jokatu Belenoseko taldeak Koronabirus kasuekin ezin izan baitzuen partidua antolatu. Gaztediren kontrako partidua ere atzeratua dute eta 2021ean partidu bakarra jokatu dute, Zarautzen aurka etxean. 
Hernani talde osoagoa da eta faborito, baina talde donostiarrak aurkari arriskutsua da eta etxekoek duten guztia eman beharko dute. Orain arte bezala partidua ateak itxita jokatuko da, ikuslerik gabe.

Bigarren itzulian lehenengo sei taldeak
Partidu honen garrantzia ere haundia da bigarren itzulira begira. Lehendabiziko sei taldeak multzo batean elkartuko dira eta lehenengo itzulian sei talde horien arteko emaitzen araberako puntuekin hasiko dira bigarren itzuli hori.
Bost partidu horiek osatuko dute sailkapena. Hernanik Gernikaren aurkako porrota gehituko du eta beste porrot batek min haundia egingo lioke. Play offetarako sailkapena ez litzateke arriskuan jarriko, baina play offetan talde sendo baten aurka jokatu beharko luke, aurreneko kanporaketan. Aurreneko bi taldeak sailkatzen dira horretara, eta baita hiru multzoetako bi hirugarren onenak ere.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!