Barrenetxeak maisu izaten jarraitu nahi du bigarren urtez Master Txapelketako finalean

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 30a, 00:00

Zubiri da Barrenetxearen botilero eta asteartean aukeratu zituzten pelotak.

Urrizaren aurka jokatuko du gaur finala gaueko 23:00etan eta ETB1ek zuzenean eskainiko du. Pasa den urteko finalean hernaniarrak 30-29 irabazi zuen, baina nafarrak bost aldiz irabazi du txapela hau eta denboraldia borobildu nahi du.

Javier Urrizak eta Endika Barrenetxeak Master Txapelketako finala jokatuko dute gaur, Galarretan, gaueko 23:00etatik aurrera. 22:00etan hasiko da jaialdia, baina finala eguneko bigarren partidua izango da. Urriza eta Barrenetxearen arteko finalak klasiko ari dira bihurtzen, nahiz eta aurtengo Banakako Txapelketan ez ziren finalean aurkitu. 
Pasa den urtean Barrenetxeak irabazi zuen final hau lehenengo aldiz, Urrizari 30-29 irabazita. Ikusgarria izan zen partidua eta maisu izaten jarraitu nahi du atzelari hernaniarrak. Hala ere, ez da erraza izango jokatu duen guztia irabazi baitu aurrelari nafarrak. Udaran jaun eta jabe izan zen buruz buruko txapelketa nagusian eta binakakoan ere nagusitu zen, ahaztu gabe 50. Urteurren txapelketan ere bera izan zela txapeldun, Zubirirekin batera, uztailean. Denboraldia borobilduko luke gaur irabaziz gero. Gainera 2011an hasi zen txapelketa hau bost aldiz irabazi du Urrizak (2013, 2014, 2017, 2018, 2019); bitan irabazi dute Ezkurrak (2011, 2012) eta Utergak (2015, 2016) eta behin jantzi du txapela Barrenetxeak (2020). 
Bien arteko balantzea argia da Urrizaren alde. Zazpi aldiz irabazi du aurrelari iruindarrak eta atzelari hernaniarra bi aldiz gailendu zaio nafarrari.

Pelota biziagoak Barrenetxeak
Bi erremontistak ongi ezagutzen dira eta bata besteari nola min egin badakite. Urriza oso pelotari osoa da eta defentsan ezin hobeto moldatzen da, tantoa berari egitea oso zail bihurtzen delarik. Barrenetxeak sakean min haundia egin dezake eta horregatik aukeratzen ditu Urrizaren aurka pelota biziagoak. Horrela izan zen asteartean. Urrizarenak zerbait motelagoak dira, peloteoan tantoa luzatzeak mesede egiten baitio aurrelaria izanda.  

«Urriza oso momentu onean aurkitzen da»
Barrenetxeak badaki aurrean erronka zaila duela. «Aurtengo denboraldia Urrizarena da. Jokoan egon diren txapela guztiak irabazi ditu eta sasoi betean dago. Ni presiorik gabe irtengo naiz eta presarik gabe. Gauzak zail jartzea espero dut». 
Horretarako material egokia aurkitu zuen xestoan. «Pozik geratu naiz pelotekin». Zortzi minututan, 129, 127 eta 126 gramoko hiru pelota bereizi zituen. Bere pelotak aurrelariarenak baino biziagoak dira. Aurkariaren pelotekin ere gustora zegoen Barrenetxea IV.a.  «Espero nuena baino pelota normalagoak aukeratu ditu Urrizak. Normalean pelota lehorragoak aukeratzen ditu eta horrek konfiantza haundiarekin dagoela adierazi nahi du».
Hernaniarrak ez du kexarik. «Bere pelotak gustatu zaizkit, lehorragoa den bat izan ezik. Agian seinale txarra da niretzat». Iaz Masterra irabazi zuen, baina Urriza iaz baino hobeto dagoela argi dauka. 
Txapeldun iruindarrari irabazteko sakean egon daiteke gakoa. Ongi ateratzea ezinbestekoa du hernaniarrak. 

«Txapel guztiak dira garrantzitsuak eta beste final bat nahi dut irabazi»
Urriza beste txapel baten bila dabil. «Txapel guztiak dira garrantzitsuak eta jakin badakit ez dela batere erraza horrelako finaletara iristea eta beste final bat nahi dut. Finaletan egotea gustuko dut eta asko gozatzen dut». Aurreko denboraldian bi buruz burukoak galdu zituen arren hernaniarraren aurka egoerari buelta eman dio aurtengo denboraldian iruindarrak. 
Hamar minututan 126 gramoko hiru pilota aukeratu zituen material aukeraketan Urrizak. Ez dira berdinak  denak. Bi biziak eta lehor tankerako bat bazegoen. Urrizak esan zuen material asko zegoela aukeratzeko eta pozik geratu zen aukeraketarekin. «Oso ondo ezagutzen dugu elkar eta badakigu bakoitzak zer bilatzen duen. Berak pelota indartsuago bat bilatzen du sakerako eta bigarren pelotakadarako, eta nik nahiago dut peloteatzeko material mantsoagoa. Uste dut biok aurkitu dugula nahi genuena». Pelotetako bat lehorragoa izateak arritu zuen Barrenetxea, baina ederki azaldu zuen Urrizak arrazoia. Azkenean, pelotak aukeratzen ditugu sentsazioengatik eta partidu egunean agian kalte egiten dizu material geldoak pelota gehiegi geratu daitekeelako eta kalterako izan daiteke».
Urrizak banakako zazpi txapel ditu, urte hasieran binakako seigarren txapela ere irabazi zuen eta seigarren txapela nahi du Masterrean. Gainera beste hainbat txapelketetan ere garaile izan da, San Fermin edo Sagardo Txapelketan esaterako.

Hezetasunak Oriamendi Txapelketako partidak atzeratu ditu
Bestetik, Oriamendi Torneoa hasi zen atzo, baina lehenengo jardunaldia ezin izan zen bukatu. Hezetasunak Oriamendi Txapelketako lehen jardunaldia atzeratzera behartu zuen. Segurola eta Zaldua I, Zaldua II eta Larrañagaren kontra ari ziren jokatzen eta 21-19 ziren aurretik gorriak partidua bertan behera geratu zenean. Pelotariek arazoak zituzten zutik egoteko eta jardunaldia otsailaren 2ra aldatzea erabaki dute. Arriskua haundia zen, erortzeko edota pelotakada bat jasotzeko. Erremontistak ikusi zuten ezin zela partiduarekin jarraitu.
Bigarren partidu ez zen kantxaratu. Mirubiak eta Martirenak Etxarri eta Zubiriren aurka neurtu behar zituzten indarrak bigarren partidu horretan. Beraz, Zubiri goizuetarraren lehenengo partidua asteartean jokatuko da.
Bigarren jardunaldia otsailaren 4an jokatuko da, ostegunean; eta erremontista batzuek bi partidu jokatuko dituzte, hiru eguneko epean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!