Larrialdietako merezimenduen domina eman diote Loidiko Maria Jesus Anzizarri

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 29a, 00:00

Loidi etxea atzean, Urumea arakatzen ari ziren bitartean.

Jaurlaritzak 2020an babes zibilaren arloan egindako lanagatik nabarmendu zituen bost pertsonen artean dago hernaniarra. Loidin hartu zituen, modu solidarioan martxoaren 7ko istripuko familiartekoak eta adiskideak.

Maria Jesus Anzizar Eguilegorri larrialdietako merezimenduen domina eman diote 2020an babes zibilaren arloan egindako lanagatik. 2020ko martxoaren 7an eta 8an, Maria Jesus Anzizar Eguilegorrek bere baserrian (Loidi baserrian) hartu zituen, modu solidarioan eta desinteresatuan, ibilgailu bat Urumea ibaira jausi ondoren hil ziren hiru pertsonen familiartekoak eta adiskideak.


Maria Jesus Anzizarrek «estimatzen» du errekonozimendua eta gogoratzen du nola izan ziren egun horiek. «Ohera joan gabe egon ginen bi egun dena bukatu arte».


Jaurlaritzak, zehazki, Larrialdietako eta Babes Zibileko Merezimenduaren bereizgarri berdeko 5 domina eman dizkie arlo horretan merezimenduz jardun zuten 5 pertsonari. Horien artean dago Loidiko Maria Jesus Anzizar eta beste lauak dira: Marcial Moduga Alonso, Roberto Aretxabala, Marcelino Domínguez González eta Imanol Domínguez De Miguel. 


Bestetik, 3 plaka-diploma eman dizkie Euskadiko psikologoen elkargoei lehenengo osasun-alarmaren eta derrigorrezko konfinamenduaren ondorioak arintzeko egindako lan desinteresatu eta solidarioa aitortzeko eta 17 diploma banatu dizkie zerbitzuan 25 eta hamar urte bete dituzten eta 2020an pandemiaren ondorioz egin beharreko lan sozial itzela, altruismoz eta modu solidarioan, egiten lagundu zuten Babes Zibileko boluntarioei. 


Aitorpen hauek dira, batez ere, osasun-krisi globalarekin erlazionatuta, gizarte-lan solidarioa egin zuten edo babes zibilaren arloan merezimenduzko ekintzak burutu zituzten pertsonei Eusko Jaurlaritzak zuzenduak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!